Sukaldari amateur onenak Gasteizko kuadrilletan daude
Jaietan jende ugari erakartzen duen 21. Gastronomia Txapelketa jokatu zen atzo, eta urtez urte parte hartzaileak beren platerak perfekzionatzen doaz. Luken kuadrillak irabazi zuen, idi azpizun eta indaba kremarekin.

Bereziak kuadrillak antolatuta, 21. Gastronomia Txapelketa jokatu zen atzo, eta urtetik urtera plateren itxura eta errezetak hobeak dira.
Txirrita-ko Nestor Sanchez Ezpeleta eta Iker Uriarterekin egin genuen topo. Iaz hamaiketakoarekin lehiaketako platerarekin baino arduratuago zeuden, eta aurten antzera, nahiz eta platera prestatzen zebiltzan: «Bueno, urtero bezala txuletoia hamaiketakorako, eta horrela kuadrillako gero eta jende gehiago dator bisita egitera», azaldu zuen Sanchezek. Babarrun risotto bat prestatzen ari ziren eta, zizka-mizka gisa, besteak beste, bakailao kokotxak, zitrikoak eta alga aparra zeramatzan ceviche-a: «Garrantzitsuena denborak ondo markatzea da, ez pasatzeko eta motz ere ez geratzeko, azkenean arraina zukuen azidoekin egiten baita», bota zuen aditu plantak egiten.
Aurretik entseatu ote zuten galdetuta, baietz: «Pasa den astean gogoeta eta ardo artean, sukaldean pare bat lanaldi izan genituen», azaldu du Sanchezek. «Aurten Iñigo ere etorri zaigu, lehenengo urteetan nirekin hasi zena. Gero Alemaniara joan zen, antipodetara, eta orain bueltatu egin da. Iragana, oraina eta etorkizuna gaude hemen!». Baina denak ez dira ohikoak txapelketan. Txolintxo kuadrillak, adibidez, parte hartzen zuen lehen aldia zuela azaldu zigun Gorka Larekik, bere errezetarekin fusionatzeko-edo Erdi Aroko emakumeen buruzapia zeramanak: «Bueno, gehienbat platerari `Sorginen babarrun jana' izena jarri geniolako jantzi dut».
Berenjena eta kalabazin frijituzko pintxoa egin zuten, filadelfia gazta, arrautza egosi eta urdaiazpiko frijituarekin. Garrasi kuadrillan beren pintxoa aurretik probatzen ari ziren, kide bat, zehazki. Katadorea ote zuten galdetuta, «azkena etorri da eta katadore bihurtu, eta gainera ziur akatsen bat ateratzen diola pintxoari», esan zigun Javi Hinojalek. Platera prestatzen zuten lehen aldia zuten: «Jakina, profesionala naiz. Nik aurten maila ikusteko soilik eman dut izena, hurrengoan serioago ibiliko naiz». Plater elaboratuak ez ziren falta izan, esaterako, Margolariak kuadrillarena: babarrun praline-a, txokolate eta Idiazabal gazta kremarekin. Eta zizka-mizka gisa, lehen postua lortu zuen ahuakate, basurde-buru eta tipula karamelizatuzko patatazko hostopila. Edota Basatiak kuadrillan egin zuten babarrun kremaz beteriko odolki coulant-a, txorizo sirope, patata apar eta aza eta ahuntz gaztarekin. Biznietos de Celedon-ekoek patata xafla, babarrun eta tipula gorriarekin egindako errulo bat egin zuten txorizo eta odolki zatiekin salteatuta. Pintxoa, berriz, frijitutako bakailao azal, ilar krema eta kalabazin azal, lima, martorri eta olio entsaladarekin. Zalantzarik ez da; amateur hauek oso profesionalak dira!
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
