A. ESNAOLA DONOSTIA
UDATE | Donostiako Aste Nagusia

Zuzeneko ikuskizunak egongo dira egunero Grosen, jada hasia den Sagardo Azokan

Hirugarrengo urtez jarraian Donostiako Aste Nagusiarekin batera Sagardo Azoka izango da Gros auzoko Katalunia plazan. Euskal Herriko Sagardo Gorenak markak antolatzen duen ekitaldi honetan, Syntoramako musikariek eskainitako zuzeneko ikuskizunak egongo dira arratsaldero, horretarako espresuki prestatua izan den agertokian.

Herenegun hasi eta hilaren 16an buka, hainbat musikari pasako dira oholtza gainetik: Iñaki Labaka izango dugu lehena eta Txalaparta eta Kirikoketa erakustaldiaz gozatzeko aukera izango da bihar. Ondoren, hurrenez hurren Xabi Aburruzaga, Luis eta Leire Astiasaran, Juan Mari Beltran, Elorri, Iñaki Labaka berriro ere eta Xabi San Sebastian izango ditugu entzungai. Kontzertuak, iluntzeko zortziak aldera hasiko dira.

Eguerdiko 12.00etatik gauerdira arte bertan bazkaltzeko eta afaltzeko aukera izango da. Mahaietan eserita, sagardotegiko ohiko menua zerbitzatuko da gunea zabalik izango den hamabi ordu horietan. Horrez gain, era informalago batean, pintxoak dastatzeko aukera ere izango dute Katalunia plazara hurbildutakoek. Sagardo Azoka izanik, otordu eta jakiak Euskal Herriko sagardo aukeraketa onenak bustiko ditu.