Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Hirugarren paradigma

Sinplifikatuz, asko sinplifikatuz eta euskaldunok izan genuen estatu independentea ezkutatuz, esan genezake euskal abertzaletasuna Foruen galerarekin batera sortu zela, erreakzio gisara. Gerra karlisten zikloaren ostean, hemeretzigarren mendearen amaieran ipini zituen Sabinok abertzaletasun JEL-tzalearen oinarri ideologikoak.

Berrogeita hamar urte beranduago, EAJko orbitatik sortu zen ezker abertzaleak (ez dezagun sekula ahantz), edo agian zuzenean ETAk esan beharko genuke, paradigma ideologiko berria eraiki zuen aurrekoaren gainean. Nazio Klase Askapen Borroka sortu zen, eta azken berrogeita hamar urteetan egungo abertzaletasunaren terminologia ia guztia berari zor diogu: lurraldetasuna, autodeterminazioa, minimo demokratikoak, burujabetza, independentzia...

Beste behin ere, 50 urte eta gero, grosso modo, karlistaden ostean eta 36ko altxamendu faxistaren ondoren legetxe, ziklo bat amaitu eta beste baten hasieran gauden inpresioa objektiboa dela esan genezake.

Aurreko zikloen bitartean bezala, sektore batengan frustrazioa da nagusi. Txirritaren bertsoetan ageri den larritasuna, gure aitaita-amamei gerraostea aipatze hutsarekin ipintzen zitzaien kopeta iluna eta gaur egun gure inguruan batzuei igartzen zaien ezkortasun eta ezinegona ezaugarri estrukturalak dira, izan dira eta izango dira ziklo amaiera guztietan. Iluntasunak itsututa bizi direnak beharrezkoak dira edozein gizarte mugimendutan, irabazteko beharrezkoa den sorkuntza eta berrikuntza gaitasunari eragiten ez dioten bitartean.

Bada aurreko ziklo amaieretan izan ez den faktore bat, alde eta kontra jokatzen duena. Aurreko ziklo bietan porrota militarra, politikoa eta kulturala izan zen, hiru fronte horietan egin genuen atzera izugarri, eta ordura arteko egiturak guztiz suntsiturik geratu ziren. Hala mantendu ziren hamarkadetan. Horrek alde batetik frustrazio sentimendua handiago bihurtu zuen, baina berrikuntza ideologikorako erresistentziak ere minimo bihurtu zituen. Iraganeko egiturek ez zutelako indarrik.

Oraingo honetan ez da hori betetzen. Abertzaletasuna osatzen duten egitura historikoak inoizko indartsuen daude. Botere ideologikoa duopolizatzen dute eta paradigma berrikuntza moteldu besterik ez dute egingo, «aparatuek» beren lan fiskalizatzailea bete ahala.