Onintza Enbeita
UDATE BETE

Egonda nago

Lagunen etxeetara joaten gara eta bazterretan jarritako argazkiei begiratu egiten diegu. «Hara hor Londres, neu ere egonda nago», eta hitz bi egiten ditugu gehienez Londresi buruz, baina argi geratu da laguna eta biok han egonda gaudela. Hartzen ditugu oporrak udan eta lankide guztiei galdetzen diegu ea nora doazen oporretara. Batek esaten du Turkia, besteak Grezia, beste batek Kanaria uharteak, inork esango du aitaginarrebaren Palentziako etxea ere, baina ez da ezer gertatzen. Ez da ezer gertatzen, harik eta batek ni ez noa inora esaten duen arte. Segundo batzuetan ez du inork ezer esaten, eta gero, halako batean, batek esaten du, «bueno, egia esan, udan hemen ere ondo egoten da». Zer esan nahi du horrek? Neguan ez dela hemen ondo egoten? Orduan zergatik bizi gara hemen?

Mexikon egondako ez dakit zenbat jende ezagutzen dudan, eta gehienek antzerako ibilbidea egin dute Yucatanen. Antzerakoa, berdina ez esatearren. Gure ahizparen ezkon bidaiako argazkiak, nire Mexikoko bidaiakoak eta lagun baten lagunarenak ikusi, eta hamar argazkitik lau leku berdinetan eginda daude; berdin-berdinetan. Hori bai, plan oso desberdina generaman.

Nik denbora bat egin nuen motxila lepoan hartuta bueltaka, gure ahizpa programatutako bidaian joan zen, eta lagunaren laguna lau lankiderekin.

Ni ez nintzen Yucatanen bakarrik egon, baina Yucatanen ikusi nuen gehiena, haiek ikusi zutena da. Cenoteak izan ezik. «Onin, nola ez zarela joan ikustera?», «Zertarako joango naiz putzu bat ikustera igerian ez badakit? Begira egoteko? Horra joan behar da barrura salto egingo baduzu». «Berdin dio, joan egin behar da». Oporrak, bidaiak eta «behar da» hori ez dakit oso konpatibleak diren, bada.

Bidaiatu egin behar da. Izan ere, irakatsi digute bidaiatzen ez duen jendeak ez duela mundurik. Niri izugarri gustatzen zait bidaiatzea, baina ez dut uste bidaiatzea gustatzen ez zaion jende askok baino mundu gehiago dudanik. Are gehiago, nik baino askoz gehiago bidaiatu duen jende askok ez dauka nik baino gutxiago bidaiatu dutenek baino mundu gehiago. Nork dauka mundu gehiago: Senegalera inoiz joan ez denak, ala behin haraino joanda hilabetean patatak bakarrik jaten dituenak ez dakielako ze janari den ateratzen diotena? Edo nork dauka deskonektatzeko gaitasun gehiago: edozein egunetan liburu baten aurrean jarri eta ze ordutan bizi den ahazten duenak ala Indian egiten ari den bidaia zuzenean Twitter, guatxap edo email bidez kontatzen ari denak?

Ez dut ukatuko pena ematen didala Kubara egin nuen bidaiako argazkirik ez izateak. Harrezkero, ehunka egiten ditut. Eman botoiari behin, birritan, mila aldiz. Eman beldurrik gabe. Behin gertatu zitzaidan, baina ez zait berriro gertatuko: hau da Garaipen Arkua urrunetik, hau hurbiletik, hemen gu gaude arkuaren aurrean, hemen arkuaren hegalean dagoen idatzia... dozena bi argazki monumentu bakarrari aterata. Argi gera bedi: ni egonda nago. Facebookera igo argazkiak guztiek ikusteko: «Ez dezatela esan ez naizenik egon». Lagun batek esan zidan behin bere argazkirik ez jartzeko Facebooken, eta sufritu egin nuen. Nik nahi nuen mundu guztiak jakitea Aste Santu batez Belfasten egon nintzela, eta ez nekien ze argazki jarri: bakarrik agertzen banaiz guztietan esango dute beti nabilela bakarrik, lagunekin agertzen banaiz mozolo hau haserretuko da...

Zorioneko «egonda nago». Zorioneko «ez dezatela esan ez naizenik egon». Zorioneko gizarte erakutsi beharreko hau. Azkenean, ezagutzen ditugun leku berriez gozatu beharrean, argazkia ateratzeko lekurik politena aukeratzera joaten gara oporretara.