Jon LEUNDA
Aizkora | Urrezko Kopa

Nazabalek aurreikuspenak betetzen jarraitzen du

Etxarrikoak ia minutu bateko tartea kendu zion bigarren sailkatu zen Atutxari.

Floren Nazabalek ez zuen hutsik egin, eta atzo berak eraman zuen Urrezko Kopa. Betiko moduan, jendez erabat bete ziren Trinitate plazako harmailak, eta berri ona ere izan zen, izan ere, Unai Otaño ez zela joango iragarrita geneukan, min hartuta egon baita, baina azkenean joan egin zen Ibarrakoa, eta lan ona egin zuen. Kirolari bakoitzak 14 kana-erdiko erdibitu behar izan zituen saioan.

Floren Nazabal zen irabazteko faboritoa, eta Etxarrikoak ez zuen hutsik egin. Hasieran Atutxa aurretik ere ibili bazen ere, apurka-apurka aldea ateratzen hasi zen Nazabal, eta amaieran garaipena lortu zuen.

Aitzol Atutxa oso ongi hasi zen, baina gero betekadaren bat ere izan zuen tartean, eta bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Iñaki Azurmendik osatu zuen podiuma. Berak ere azkenaldian zenbait arazo fisiko izan ditu, baina saio polita osatu zuen.

Unai Otañorenak ere meritu handia dauka. Gipuzkoako finalean min hartu, eta geldirik egon behar izan du. Atzorako Irazu ere iragarri zuten, baina azkenean Otañok parte hartu eta behetik gora egin zuen.

Jon Rekondok, berriz, apustua jokatzeko desafioa bota dio Donato Larretxeari. Hamasei 60 ontzako moztu nahiko lituzke Rekondok, eta abenduaren 14an Tolosako zezen-plazan jokatu. Enborrak ere berak eramango omen lituzke. Leitzarra abuztuaren 29an Tolosako Kantabriko tabernan egongo da Donato Larretxearen zain, apustua ixteko asmoarekin.