J.L.
Sega

Etxaburua eta Astondoa lehian, Euskal Herriko txapela eskuratzeko


Alatzne Etxaburuaren eta Irati Astondoaren arteko lehian argituko da Euskal Herriko emakumezkoen txapela nork jantziko duen, biak bakarrik arituko baitira biharko finalean. Saioa Aian izango da, kanposantu azpiko belardian, mutilen Gipuzkoako finala jokatu zen leku berean, 12.00etan hasita.

Segalari bakoitzak 20 minutu izango ditu lanerako, eta tarte horretan kilorik gehien ebakitzen duenak irabaziko du. Etxaburua da txapelduna, eta bera izango da faborito nagusia ere.

Urte bikaina darama, nahiz eta orain arte nazioarteko eran bakarrik izan dituen probak. Gipuzkoako txapela jantzi zuen, baita Almitza elkarteak antolatzen duen Euskal Herriko Ligakoa ere.

Astondoa, berriz, aurten ez da asko ikusi, nahiz eta Euskal Herriko Ligan saio batzuetan aritu den. Proba laburrek luzeekin ez dute zerikusi handirik, eta ikusi beharko da bietan ongien zein moldatzen den.

Bi neska ez dira asko, gehiago egotea izango litzateke ederra, baina aurten bi horiek besterik ez dute eman izena, eta txapelketa egin ahal izango da, garrantzitsua baita txapelketei jarraipena ematea. Honekin amaituko da denboraldia.