Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Sor dagoenaren isla

Ni neu panfleto, afixa, eskuorri eta idatzizko euskarri oro irakurtzen dituen horietakoa naiz; nagoen lekuan nagoela, eskura izanez gero, bat hartu eta begiratu azkarra ematen diot, apur bat jakintsuagoa-edo bihurtuko naizelakoan. Azkenekoz, Bilboko Aste Nagusiko txosna batean izan da, izenburuak erakarrita: «Alkohola. Noraino heldu nahi duzu?».

Uda osoan, jai-parrastada dela eta, lan handia egin da Euskal Herriko toki askotan musika, jendetza, dantza, alkohola eta drogak eta ohi baino euforia maila handiagoa nahasten diren giro horietan eraso sexisten inguruan kontzientziatzeko, eraso ematen ez duten horiek ere antzematen jakiteko eta guzti-guztiak ekiditeko. Eta, batik bat, inolako mailatan onartzen ez ditugula argi eta garbi gera dadin. Paperean, halaxe da; kalean, berriz, bestelako jokabideek ugariegiak izaten jarraitzen dute. Neuk irakurri nuen panfletoan bezala, alkoholaren erabilerari dagokionez. Agian gazte-gazteek salbu, alegia, festetan beren kabuz ibiltzen orain hasi direnek salbu, denok ezagutzen ditugu ondotxo alkoholaren eraginak, gugan eta beste batzuengan, argiak eta ilunak. Baina, halere, paperak galtzeko sozialki onarturiko mota bakar horri, edanari, biharamunik ez balego bezala ematen gatzaizkio, kolektiboki, histerikoki ia. Eta orduan izaten dugu aukera ikusteko, normalean baino nabariago, paperetik jokabidera alde handia dagoela oraindik jarrera sexisten inguruan, baita horien onarpenean ere.

Hala ikusi da uda honetan ere. Erasoak -sekulako amorrua ematen dit larri eta arinen artean bereizteko hedabideen joera horrek, erasoa beti da-eta larria jasaten duenarentzat- festa asko eta askotan izan dira, txiki eta handietan, baina horien aurreko herritarron erreakzioak eta protestak sendoak eta jendetsuak izan dira, bide onetik goazen seinale. Kontzientziazioak eta sentsibilizazioak lehen legez ezikusiarena egiteari uztea eragiten ari dira, hasteko, eta, ondorioz, emakumeon aldetik lotsa eta beldur sentimendutik askatu eta erneago ibili eta irmoagoa agertzea, ingurukoon babesa lagun. Hori gabe ez baitu ezertarako balio aurreko guztiak; jokabide sexisten aurkako borroka ez da emakumeok, eta soilik nork bere larruan jasanez gero, bakarka egin beharreko zerbait, baizik eta gizon-emakume guztiok geure gain hartu beharreko ardura, arbuiatuz ez ezik, behar baldin bada, ekintzaz ere. Zalantza-izpi txikienerako lekurik ere utziko ez duen ekintzaz.

Kalean, festetan bereziki, alkohola den katalizatzaile horren ondorioz, garbi ikusten dut oraindik ere paper eta panfleto asko behar ditugula are kontzienteago izateko erasoak ez direla berez desagertuko; eraso oro, ez bakarrik formarik nabarmenena, hau da, eraso fisikoak. Ez dira desagertuko jendartean sor dagoen matxismoaren isla direlako; gizon askok paperak galtzeko «baimena» dutela sentitzen dutenean, emakumeekiko benetan duten begirune eza azaleratzen dutelako, bortitz edo leunago, txantxa eran, adibidez, baina azken finean guztia da gauza beraren adierazpen: emakumea objektutzat jotzea. Eta hala tratatzea, jai-giroak nolabait estaliko dituelakoan.