Nomadak
Espero bezala, bero zakarra izan da protagonista Vuelta honetako aurreneko etapetan. Andaluzian jokatzen diren etapek, orokorrean eguzki izpien indarraz, termometroak 40 gradutik gora bultzatu ohi ditu, eta tropeleko kideek majo nabaritu dute hori gorputzean.
Nire taldekideekin harremanetan, hotzarekin ondo moldatzen direnek oso gaizki pasa dute. Badira batzuk 4,5 kilo galtzera iritsi direnak, baina oso gutxi badira ere, badira oraindik ere bero zakarra atsegin dutenak. Bero hori atsegin dutenetariko bat Haimar da, eta berak esan didan moduan: «Ikaragarrizko beroa egin dik, eta nik bero handia zela esateko pentsa ezak zer nolakoa zuan». Esan nahi du ohi baino askoz gehiago jipoitu dituela Lorentzok.
Beroaren gaia alde batera utzita, Haimarren eta bion solasaldiak aurrera jarraitu du, eta halako baten hau galdetu dit: «Non habil orain?». Bueltan esan diot: «Ba azkenean plan aldaketak ditugu. Denverretik Madisonera bidean noa; 3 egun egongo naiz Trek-en fabrikan, bizikletak nola egiten dituzten eta tesak eta proiektu barriak ikusten. Gero Chicagora noa, handik Frankfurtera eta gero Bilbora. Horrela bat-batean, bata bestearen atzetik esanda, ia ohikoa den kontua bezala aipatu diot, baina idatzi dudanari erreparatu diodanean konturatu naiz zirku ibiltari batean bizi garela.
Hegoaldean Vuelta hasi dutenek, laster San Migelen gora ikusiko dute beren burua, eta akordatu orduko Galizian egongo dira. Urtean zehar, 120 bat egun egiten ditugu etxetik kanpora. Esango nuke 90 bat ohetan egiten dugula lo. Sarri askotan, autobuseko gure txoferrak eramaten gaituen lekuan jaitsi, eta ez zein herri ez zein hoteletan gauden jakin gabe, irteten gara hurrengo egunean.
Horrelako saltsa-maltsa dela medio, gauean esnatu, eta non gauden kokatzen ere lanak izaten ditugu. Aste honetan gertatu zait, masaje gelatik irten, eta nire gelaren zenbakia zein zen ere ahaztua nuela, masajistaren gelara bueltatu eta room list-ean nire gela zenbakia begiratu behar izan dudala. Hala ere, uste dut, tropelean gauden gehienok, batetik bestera ibiltzera ohitu, eta nomada bizitza hau atsegin dugula.
Egia da etxekoak eta etxeko lasaitasuna askotan botatzen dugula faltan, baina negu partean etxean gaudenean, sarri askotan gorputzak eta buruak «martxa» apur bat eskatzen digu.
Batzuok aurtengo nomada bidaiak bukatutzat emango ditugu laster asko, baina Vueltan ditudan kideek oraindik makina bat txoko, ohe eta hotel pasa behar izango dituzte.
Hau hasi besterik ez da egin. Bero nahiz hotz, euri ala eguzki, zirku ibiltariko nomadek aurrera ekingo diote, eta Santiago-bidea bukatzen duten erromesen modura, Galiziako Santiagon izango dute azken jomuga.
Ordura arte bide luzea dago, baina Wisconsinetik Arrasatera bezala, makina bat txokotan geratu behar dudanez, beste behin, nire gauzak batu, eta hurrengo hotelaren bila noa, azken finean, gure maleta bakarrean sartzen zaizkigun lau arropekin urte heren bat hor zehar pasatzen dugun nomadak baikara.
Horrela bada, Waterlootik Chicagora bidean doan txantxiku ibiltaria «agur» baino «gero arte» esatera doa, hurrengo geltokia, Euskal Herria da eta.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra
