Jakes Goikoetxea
Berria, 2014/8/30
HEMEROTEKA

Politikarien saskiratzeak

Bilbo, Bizkaia, saskibaloia eta azpiegiturak. Denak batu ditu Munduko Saskibaloi Txapelketak. Eliteko saskibaloia eta diru publikoa, berriz ere: Bizkaiko Foru Aldundiak 5,2 milioi euro eman zizkion iaz Bilbo Basketi, horietatik 3,7 milioi Ogasunarekin zuen zorra barkatuta. Txapelketa antolatzen «diru asko» gastatu dutela esan du Ibon Areso alkateak, dendariak igandeetan irekitzera bultzatzeko. Ez du zehaztu zenbat diru. Agintariek inbertsioa zuritu dute nabarmenduz diru asko ekarriko duela bueltan: 30 milioi euro. Bai, hotelak beteko dira eta tabernek eta dendek ohi baino gehiago salduko dute, baina ikusteko dago 30 milioi euro izango diren. Nondik. Norentzat. Nekez jakingo dugu.

Txapelketa BECen jokatuko da. 400 milioi euroko zorra daukan azpiegitura publikoa. Urtetik urtera galerak pilatzen dituena. (...) Politikarien ohiko silogismo antzua. Bilbaok ez du esan neurri batean Bizkaiko erakundeek hustu dutela BEC, ekitaldi erraldoiak handik aterata eta, BECen propio Bizkaia Arena sortu eta gero, Bilbao Arena eraikita (40 miloi euro inguru).

Txapelketarekin Bilbo ezagunagoa egingo omen da munduan. Espainiaren barruan. Espainiaren izenean. Eta Aresok futboleko Espainiako Kopako finala eskatu du...