Udate

4.000 urte eta gero, berriz zutik da Menhirra

Ustez dolmena zena menhirra dela ziurtatu eta gero, Arribiribilletako monumentu megalitikoa bere jatorrizko posizioan jarri zuten atzo

«Dolmenen Ibilbidea» egitasmoaren barruan egindako ikerketa arkeologikoek ez zuten zalantzarako tarterik utzi: dolmena izan beharrean, orain arte uste zen bezala, Arribiribilletakoa orain 4.000 urte inguru lurrera jausitako -«eraitsita edo berez erorita»- menhirra da. Aurkikuntzaren ostean, proiektuaren sustatzaileek -Elgoibar, Bergara eta Soraluzeko udalek eta Debegesa garapen agentziak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin- monolitoa bere jatorrizko posizioan jartzea erabaki zuten. Atzo burutu zituzten zutik jartzeko lan horiek, Aranzadi Zientzia Elkarteko Historiaurreko Arkeologia Sailak gidatuta.

Arribiribilletako monumentua Irukurutzeta eta Kurutzebakar gailurren artean dago, eta Joxemiel Barandiaranek aurkitu zuen 1921ean. Basaltozko harri bloke handia da, 3,60 metro luze, 1,70 metro zabal eta 0,40 metro lodi. Elosua-Plazentziako Estazio Megalitikoaren parte da.

«Ingurune honek daukan balio handienetakoa arkeologikoa da, Karakate, Irukurutzeta eta Agirreburuko tontorrek marrazten duten mendilerroan sakabanatuta dauden dolmen eta tumulu kopurua handia baita. Euskal Herriko eta, bereziki, Deba bailarako arkeologia orokorra aztertzerakoan garrantzi handia du», gogorarazi zuen Debegesak prentsa oharrean.

Atzoko zutik jartzea abiapuntu hartuta, «Udazkena Dolmenen Ibilbidean» izeneko ekintza programa abian dela ere jakinarazi zuen. Hain justu, irailaren 14an, 11.30ean hasita, Irukurutzetako tontorrean egingo duten erromeriak emango dio hasiera. «Elgoibar, Soraluze eta Bergarako hainbat taldek eta elkartek hartuko dute parte. Mendi taldeak ere igoko dira eta dei egin nahi diegu gainerako herritarrei ere bertara daitezen. Hamaiketakoa egongo da, dantzariak, txistulariak eta haurrentzako jokoak. Gainera, Arribiribilletako menhirraren inguruan egin diren lanen berri emango dute Aranzadikoek», gaineratu zuen. Bisita gidatuak ere eskainiko dituzte, doan, «bertako natur eta kultur ondarea erakusteko». Irailaren 21 eta 28an eta urriaren 5 eta 12an izango dira.