Iraia OIARZABAL DONOSTIA
Zuzendaritza berria

Josu Waliñok gidatuta, abiarazte fasean sartu da .eus domeinua

Irailean bigarren fase batean sartuko da .eus domeinua, Euskal Herriko erakunde eta enpresa guztietara iristeko asmoz. Horretarako, zuzendaritza berria izendatu berri dute, Josu Waliño buru izango duena. Lorea Arakistain eta Iratxe Esnaola izango ditu bidelagun.

Behin .eus domeinua onartuta eta ICANN erakundearekin kontratua sinatuta, fase berri batean sartu da PuntuEus Fundazioko lantaldea, zuzendaritza berriarekin. Josu Waliño Pizarroren (Zumaia, 1972) gidaritzapean, proiektuak abiarazte faseari ekingo dio irailean. Horrela, azaroa bitartean, jasotako domeinu eskariak kudeatu eta erregistratzeari ekingo dio, .eus domeinua Euskal Herriko erakunde eta enpresa guztietara hedatzeko helburuarekin.

Zuzendaritza berriari dagokionez, euskalgintzan aritutakoa da Waliño, besteak beste Eleka Ingeniaritza Linguistikoa enpresaren sortzaile eta Elhuyar Fundazioko Berrikuntza eta Proiektuen zuzendari izan baita. Geroztik PuntuEus Fundazioan aritu da. Berekin batera Lorea Arakistain komunikazio arduraduna arituko da proiektuaren gidaritzan.

Bestalde, orain arte proiektuaren bultzatzaile izan den Iratxe Esnaolak abendura arte jarraituko du bertan lanean eta unibertsitateko zereginetara itzuliko da ondoren.

Webgune berria

Joan den ekainean .eus domeinua erabiltzen aitzindariak izan diren 93 erakundeak ezagutzera eman ostean, irailaren erdialdetik aurrera abiarazte fasearekin hasiko da proiektua. Horretarako domeinuak.eus webgunea jarri dute martxan eta horren bitartez jasoko dituzte domeinu eskariak.

Hortaz, hemendik aurrera PuntuEus proiektuak Interneteko domeinu horren ardura izango du: erregistrorako eskariak jaso, domeinua erabiltzeko ezinbesteko baldintzak betetzen direla ziurtatu, betetzen baditu erregistrorako baimenak eman, eta, azkenik, erregistroa teknikoki mantentzen dela ziurtatu.

.eus domeinua euskara eta euskal kulturaren komunitatearen Interneteko lehen mailako domeinua da. Bere helburua «euskara eta euskal kultura sustatu eta euskara eta euskal kulturaren komunitatea kohesionatzea da», zuzendaritza berriak ohar batean adierazi zuenez.

Ildo horretan, domeinua euskara beste hizkuntzen mailan kokatzen duen tresna bat dela nabarmendu zuten, «euskararen normalizazioan lagunduko duena eta euskararen herriari nazioarteko aitortza eskaintzen diona».

2007. urtean eman zituen lehen urratsak .eus egitasmoak eta 2008an sortu zen elkartea. Ordutik 2012ra bitartean guztira 58 elkarte eta erakunde aritu dira PuntuEus proiektuan lanean, 2012an PuntuEus Fundazioa eratu zen arte.

.eus domeinuaren erabileran aitzindari izan diren enpresa, komunikabide eta erakundeen artean daude NAIZ, Kazeta, Gipuzkoako Aldundia, Donostiako Udala, Elhuyar, Aranzadi Zientzia Elkartea, EHU edota Jakin Fundazioa. Orain eremu zabalago batera egingo du salto.