Grandola 2014
Horma batean idatzirik ikusi berri dut «en cada esquina un Amigo», «Grandola Vila Morena» abestiaren ahapaldi bat, eta aitortzen dut nostalgiak astindu nauela. XX. mendean idatzitako ereserki eder eta esanguratsuenetako baten hitzak topatu ditudalako horma batean. Eta orduan, berriro akordatu naiz Jose Afonsorekin. XX. mendean Europan sortutako herri musikari aurrerakoi eta ausartenetako batekin, eta baita, ereserkiarena bezala, haren patu ilunarekin ere.
Zer zorte merezi dute mundua, benetan, aldatu zuten kanta horietako batek eta haren egile komunistak? Erantzuna ez da originala, ahaztura, hondatutako itxaropenaren hondarren samin isila... Musikak ez gaitu salbatuko, kanta on batek ez ditu gure bekatuak garbituko, ez du arerioa samurtuko. Sortzailerik interesgarrienak ere, mundua aldatu zuen kanta bat egiteko gaitasun bakana eduki dutenak... miserian hiltzen dira, hain maiz, hain erraz.
Baina 2014ko uda honetan horma batean espraiz idatzita ikusi dut haren esaldi bat, eta ez dakit seinale txarra edo ona den, oraindik hiriko inongo museotan ez baituzu haren izenik topatuko, komunikabideek, oraindik, hil eta 30 urtera kontu handiz ibiltzen dutelako haren izena... Herri musikari komunista soil batentzat errespetu handiagorik!
Zenbat iraungo ote duen esaldiak horman? Nork daki, zenbat denbora zeraman bertan idatzirik? Gehiegi ez, alboan zuen irudiaren egoera ikusita. Baina 2014an, norbaitek, esku anonimoren batek, gauaren ilunean, agian, haren esaldi bat horman idazteko lanak hartu eta adorea biltzea, alajaina, hori ez da nolanahiko meritua herri musikari komunista soil batentzat.

Tras el fin de la guerra en Ucrania, ¿confrontación Europa-Rusia?

El TEDH falla que París conculcó los derechos de Ibon Fernández Iradi

Bazofia sintética disfrazada de noticia para hacer política facha

«Sartutako zuhaitzek milaka urte iraun dezakeen basoa sortu dezakete»
