Jon GARMENDIA
Udate

Bertrand Lapurdikoak iraultzara deitu ditu lapurtar guztiak

XII. mendean Lapurdiko bizkondea zen Bertrand Lapurdikoa berriro itzuli da galdutako eremuen aldarrikapena egitera. Lehuntzeko abadian dago haren gorpua, baina lapurtarrak iraultzara deituz herriz herri dabil haren izpiritua.

Badira hilabete batzuk agertu zela, eta geroztik, Lapurdiko herri askotan entzun da bere berri. Bertrand Lapurdikoa da, XII. mendeko pertsonaia historikoa, denboraren mugak hautsi ondotik haragi eta hezur bilakatu dena. Ekainean agertu zen lehen aldiz, Baionan, gaur egungo Lapurdiko hiriburuan, eta erreferentzia historikoak gogora ekarriz probintziaren aldeko kontzientziak lo daudela salatu zuen; azken aldiz iraila hastapenetan zela, Itsasun agertu zen, irrintzina txapelketaren karietara, eta lapurtar guztiei egin zien deiadar irrintzi batekin, berarekin batera iraultzan parte har dezatela eskatuz.

Margoak eta traktak izan dira herri askotan agertu diren adierazpenak, eta batzuk umoretik hartu dute kontua, beste batzuk ordea serioski, eta karrikan ahoz ahoz dabiltza Bertrandi buruzko aipamenak. Guri, kuriositatea piztu digu pertsonaiak, eta hedabide bati lehen aldiz eman dion elkarrizketa burutzeko parada ukan dugu; Uztaritzeko oihanean izan da, misterioz jositako hitzordu batean. Bertrandek ez du nor den agertu nahi, eta muzin egin dio pausatu diogun lehen galderari, «edozein lapurtar ezkutatu daitekeelako maskara honen azpian, eta nire iraultzaren aldarria ere lapurtar sentitzen den edozeinek balia dezake, anitz jende da Bertrand, lapurtar gazte zein adineko, gizon ala emazte». Hasierako hitzen ostean hizketan jarraitu du bere kokapen historikoa guri eskaintzeko: «1130 urtean Lapurdiko bizkondea nintzen, eta borrokan aritu nintzen Lapurdiren alde, lapurtar nortasunaren alde. Egun, nortasun horiek itzali samarrik daudela ikusirik, nola jakin gabe, Baionan agertu naiz, eta laguntzaileak atzeman ditut iraultza berri bati hasiera emateko».

Gwen da bere laguntzaileetako bat, emazte lapurtar bat, ez darama maskararik, eta Bertranden ordezko aurpegia ematen du berak, urte hauetan guztietan Lapurdin zer gertatu den irakasten dio bizkondeari, eta baita teknologia berriak erabiltzen ere, piztu nahi duen iraultzak komunikazio egoki bat ukan dezan; aldi berean, herritarrei Bertranden berri emateko funtzioa betetzen du, non egon den eta zer egin duen argitara emanaz sare sozialen bidez. Hainbeste urteren ondoren Lapurdi nola atzeman duen galdegin diogu Bertrandi: «Hasteko, etxe anitz, gehiegi eraiki dira hemen, lurrari zenbat kalte eragin zaion ikusi dut ene begiez. Kanpotik heldu dira bisitariak, baina lapurtarrek bizitzera kanpora joan behar izateak jenatzen nau ni, lanik ez du nehork atzematen hemen. Baionako karriketan zenbat frantses entzuten den ere deigarria zait, kosta partean zenbat jende bizi den, BAB deitzen duzuen horretan, eta euskaraz zein guti egiten den. Guk genuen arazo berarekin egin dut topo bestalde, Lapurdi, Euskal Herria osoa bezala, herri zapaldua dela oraino, ez dituela bere eskubideak gauzatuak, hala iduri zait, bere kultura eta hizkuntza deuseztatu nahi dituztela oraino».

Argi da zer pentsatua ematen duela pertsonaiak, hau da, Lapurdik betidanik ukan duelako berezko toki bat historia liburuetan, bere nortasun eta kultur adierazpen oro aipatzerakoan, eta egun, «galdurik daude aipamen eta sentimendu horiek, lapurtar izatea ia ezabatua da, guk beste euskal probintzietako anaia-arrebak bezala izan nahi dugu, zazpiak bat, bai, baina bakoitzak bere lurraldeko izatea atxikiaz. Ez dut maite Iparraldekoa naizela entzutea, Euskal Herritik lapurtar bezala ibili nahi dut nik. «Iparralde-Hegoalde» aipamenak berak muga baten existentzia bermatzen du gainera, eta gu, zazpi lurraldez osatutako herri bakar bat gara». Hori erran eta bere hurrengo agerpena iragarri digu: «Herriz herri nabil, herritarrekin hizketan, lapurtarren arrangurak entzuten, eta ditugun zailtasunen aitzinean zer egin antolatzen, lapurtarrok elkarrekin aritu behar dugu, bat egin, eta irailaren 28an Uztaritzen agertuko naiz hori aldarrikatzeko, hitz egin dut uztariztarrekin, eta zerbait berezia prestatzen ari naiz laguntzaileekin batera». Lapurtarren Biltzarra ospatzen da egun horretan Uztaritzen, eta haren ostean zer, han berriro desagertuko ote den galdegin diogu; «ez, 28an ez da zerbait bukatzen, haatik zerbait hasten da, Bertrand ez da desagertuko, iraultzarekin aitzina segituko du datozen urteetan». Eta oihanean desagertu baino lehen Ziburuko ikastolaren aferari eskaini dizkio bere hitzak. «Ez dut batere normala atzematen lur istorio baten erruz, edo hobeki erran, agintari ustel batzuen erruz, haur batzuei beren hizkuntza ikastea ukatu izana; zoriontzen ditut ikastolak halaber, euskararen indartzean egiten duten lanagatik. Nire ekimenak oro, gure hizkuntza eta kultura babesteko izanen dira».