Kutxa Kultur, eguzki galdatan musikarekin jolasean
IDonostiako jende «guapoaren» jaialdi dirdiratsua da Kutxa Kultur, nazioarteko talde batzuk gonbidatuta hiriko (pop) soinuak munduratzen dituena, Kontxako badiako Igeldoko bozgorailu ikusgarritik. Jolasteko gogoz bertaratzen denak, gainera, mendi suitzarrera igotzeko aukera ere badu.

Iazko giro euritsuaren ondotik, Kutxa Kultur jaialdiak estreinaldiko eguraldi eguzkitsua berreskuratu du, zorionez, kokagune duen ingurumena baita festibalaren xarma nagusienetakoa. Herenegun Bide Ertzean taldeak gogorarazi zigunez, Igeldoko jolas parkean estimulu asko dira, baina Kontxako badiaren talaia zoragarria izateak ematen dio, besteak beste, muinoari dirdira.
Herenegun Ladrones de Guitarras taldeak ireki zuen festa, eta atzo Hyedra taldeak jardunaldia, oraindik ere zale gehienak bertaratzeko ginela. Izan ere, ostiralean iluntzera arte ez zen girotu jolas parkea, egun udatiarra baliatu nahian edo, zaleak hondartzan (edo lanean!) zirelako akaso. Atzo larunbata zela-eta, askoz lehenago bete zen Igeldoko tontorra koloretako betaurreko beltzez. Lehen etxeko taldeen erakustoki zen oholtza txikia -aurten hirugarren (deseroso) bat atondu dute, autobus baten sabaian-, aurten atzerriko musikariei ere zabaldu zaie, euskal taldeak autobusera igo dituzte-eta. Euskal Herriko jaialditzarretan txikienetakoa den Kutxa Kultur-ek, udako azkenak eta gazteenak, ahalegin berezia egiten du euskal eta, batez ere, gipuzkoar talde gazteak oholtzaratzen; eskertzekoa da.
Oholtza nagusia zapaltzen lehena Gose hirukotea izan zen atzo, bazkalosteko bero zaparekin. Oraindik bostak jotzeko badira, pantailak alferrikakoak dira, ikusgarritasuna erabat galtzen da, eta taldeak sekulako esfortzua egin beharra du aurrean dituen zaleak asetzeko. Ehunka batzuk badira -dantzan ere ausartu dira-, «aspaldiko lagun ugari» tartean, Inesek dioenez. Osinaga sekulako plazandrea da eta beste behin erakutsi du, oholtzatik behera jaitsi eta izerdi patsetan diren zaleen artean kantatuz. Panderoa joz eta Osoronen irrintzi batekin jarduna itxi baino lehen, «Portaloian» jo dute: «Atzerritarrak gara...»; ondo hasi gara!
Sarreran dagoen oholtzak, erakarpen indar handiena duten bost talde jasotzen ditu eguneko; euskaldun bakarra, beti jotzen lehena. Bigarren oholtza, goikoa, gune txikiagoan eta parkeko jolasez inguratuta dago, eklektikoagoa da eta nagusiarekin txandakatzen da. Bi oholtzen arteko bidean, etxeko taldeek guztiz hartuta duten autobusak bigarren oholtzako ordutegi bera darama -bi talde batera jotzen, bata Donostiara eta bestea Igeldoko itsaslabarretara begira-.
Donostiara begira Acido C funk taldea eta Igeldora begira Cabezafuego nafarra izan genituen atzo aldi berean, herenegun Giorgio Basmatti hirira eta Bide Ertzean herrira bezala. «Gu beti izan gara Igeldoren aldekoak», bota zuen Ubeda anaietako batek, eta mezua ondo ulertu zela begitantzen zaigu. Gure aburuz, bi oholtzak batera martxan jartzeak badu zentsua gau partean, jendea parkean zehar sakabanatu dadin, baina alferrikakoa da arratsaldean, zalea aukeratu beharrean jartzen baitu, oraindik jendetzarik ez den orduetan. Enfin, batetik bestera ibili ginela, «bizkor eta ondo usoak hegan» baino ez duela egiten jakinda.
Igeldoremifasol! Aspaldi ezer argitaratu ez duen Acido C donostiar boskoteak kanta berriak jo zituen, dantzarako gogoa sorrarazten dutenak denak ere. Soinu bikaina dute, eta kantari dotorea. Autobus gaineko proposamenak uger gehiago du, Mermaid, Basque Country Pharaons, Bizardunak, Royal Canal, Atom Rhumba eta mila egitasmotan parte hartu izan duen Iñigo Cabezafuegoren buru txinpartetatik sortua baita. Akustikoan aurkeztu dira honakoan, arrabita, gitarra eta bateria hutsez -azken honek arazoa izan zuela eta, «txaston barik!»-. Besoak gora eginda «maite zaituztet» esanez bukatu zuen jarduna emanaldia aurrean zituen zale urriei «¡malditos hippies!» garrasika hasi zuen musikari bikainak. «El traje del emperador» bezalako kantu eder ironikoak zituzten aurkezgai, soinu ezin okerragoarekin.
Ironia aipatuta, atzera egingo dugu Giorgio Basmatti donostiarrarengana. Ostiralean Yon Vidaur gitarra jolearekin batera (lan berria atontzen dabilen Ama taldeko partaidea) «Melodias concertantes» aurkeztu zuen; gitarra atzean utzita, intonazioan baino hitzen ironian indar gehiago jarri zuen donostiar pop-folk bakarlariak. Gipuzkoatik kanpo ezagunagoa izan beharko luke, baina Igeldon zale sutsuak izan zituen aurrean, oihu eta oihu.
Basmattiren ordu berean jo zuen Bide Ertzean taldeak, merezi ez bazuen ere. Are gutxiago autobus gainera igo behar izatea. Tolosarrak donostiarra baino entzunagoak genituela-eta, Donostiara so jarri ginen geu ere, harik eta Vidaurrek maitasun kanta bat iragarri zuten arte. Agudo egin genuen ihes, Bide Ertzeanen «Zenbakiak» eta, bukatzeko, Laboaren «Ama hil zaigu» kanta ederra entzuteko... Bukaera taldearen bertsioan? -«Txerokee» omenezko diskoan den bertsioa-. Goiko terrazatik, tolosarren soinua bikaina da.
Mikel oraindik gure artean denaren seinale, funikular sarrerako Arteuparte oholtzatxoan ere, «Txoriak txori» jo zuen Pandanono laukoteak atzo, hankak gurutzatu eta lurrean jarrita, txirula eta guzti.
Egun grisa
Aipatutakoez gain, ostiralean Mild izan ziren autobusera igotzen lehenak, eta bizkaitar ordezkariak zirela argi geldi zedin, «Fin de siécle» EParen ale bana oparitu zioten aurrean zen entzule bakoitzari. Eta Indigo autobusetik jaisten azkena, berak esan zuen moduan, «sekulako subidoiarekin», ordurako zale andana baitzen aurrean. Iñigo Azpitarte zarauztarrak zortzikotean agertu zuen bere egitasmo urdina. Ahots ederra eta proposamen sentibera lagun, eskarmentu apur bat baino ez du falta. Antzera, grinatsu agertu zen bigarren oholtzan Animal Within; jarrera badute eta helduko da eskarmentua. Azken horiek entzutearren Grises galdu genituen, eta Indigo bera entzuten ere lanak izan genituen, Sean Nicholas Savages-en ordu berean jo baitzuten. Azkenok bikotean, eguneko proposamen minimalista eta finena eman zuten, akaso horretarako beranduegi. Beraien pop intimo eta goxoa Gipuzkoan entzuna da aurretik ere, Gaztemaniak ekimenean. Beste muturrean, gustura entzun genuen Natural Child laukotearen pub rock-a, Creedance kutsukoa, oinarrizkoa eta zuzena.
Oholtza nagusian Lory Meyers izan zen nagusi, edo jendetza handiena bildu zuen taldea -maila orokor ona agertu zuen taulak-. Gure gusturako garbiegiak izan arren, onartu behar dugu zuzenekoan zehar gora egin eta intentsitate handiko emanaldia burutu zutela. Kontuak kontu, jarduna festa giroan itxi zuen The Wombats dantzazaleekin bat egiten duen Grises zestoarren elektropop-a begitandu zitzaigun oholtza handiko zuzenekorik azpimarragarriena, bizi-bizia! Damu zaitezte ordurako Igeldora igotzear bazinaten.
Soinuari dagokionez, pop-era lerratua dago Kutxa Kultur, eta dantzarako musikara; Espainia aldean «indie» esaten dioten horretara -badago euskal musikan «indie» ez den inor?-. Zaleak ere horrelakoak dira, hipsterrak eta lore zaleak -gizonek alkandoretan eta emakumeek ilean-; soineko arinak eta bizarrak, gorputz beltzaranak, tatuaje ugari eta jende «guapoa» da hemen -atzerritar gutxi-. Giro atsegina dago, erlaxatua, ilundu arte bederen.

Tras el fin de la guerra en Ucrania, ¿confrontación Europa-Rusia?

El TEDH falla que París conculcó los derechos de Ibon Fernández Iradi

Bazofia sintética disfrazada de noticia para hacer política facha

«Sartutako zuhaitzek milaka urte iraun dezakeen basoa sortu dezakete»
