Jon GARMENDIA Idazlea
Udate

Azaltzen

Oporretako uda joan da, eta kurtso berria hasi da. Urteroko asmo berriak politikariengan, bai, urteroko asmo berriak; esaldi horretan bada zerbait ongi ez doana. Iraila aipatzen duten kantuak ere nahinon dira entzungai, oroz gaindi «Wake me up when September ends», esna nazazu iraila bukatzen denean, otoi, aspertzeraino entzundako kantu hori abesteari uzten diozunean adibidez, esna nazazu orduan.

Eta haurrak, haurrak zer. Nola azaldu haiei uda amaitu dela eta ikastolara itzuli behar dutela? Haiek ez dakite hori, ez behintzat ttipienek, haiei, zuk erran behar diezu ilusioa piztuko zaiela berriro, lagunak ikusiko dituztela, utzitako toki berean zain daukatela ikastola, hutsa tristuran bilakatu duen eraikina beren irribarreekin bazterrak alaitzera noiz helduko zain dagoela uda hasi zenetik. Guraso bakoitzaren esku magikoa agertzen da orduan, eta hitzak, konbentzimenduko hitzak, ikastolara zergatik joan behar den, eta ikastea zergatik den hain beharrezko azaltzen dutenak. Baina nola azaltzen diezu haur ttipi batzuei beste haurrek bezalakorik ezin dutela egin? Ezin dutela ikastolara joan haien herriko auzapezak debekatu dielako? Horrek ez du azalpen posiblerik, ez, horrek ez du zentzurik. Eta justuki, hori da Ziburun gertatzen ari dena, haur batzuen ilusioekin jolasten ari dela haur handi bat, Guy Poulou auzapezaren jokabideak gehiago baitu umekeriatik zentzuzko jokamoldetik baino. Aferaren ondorioak azaltzen dituen esaldi brutala jaulki zuen Laida Mujikak, Ziburuko ikastolako lehendakariak: «Ez da ahantzi behar haurrak daudela tarteko». Eta laguntza eta babesa da haur horiek behar dutena, Euskal Herria osoarena. Baita heien gurasoek ere, denak ez direlako euskal hiztunak, ez dira ikastolen mundukoak, eta hautu ausarta izan da seme-alabentzat haiek ukan ez dutena desiratzea, are, euskarak ofizialtasunik ez duen lurralde batean. Babes eta laguntza hori izango baita beste haurren ilusioekin nehork jolastuko ez duela segurtatuko duen gauza bakarra.