Anartz BILBAO DONOSTIA
Udate

Denboran (eta soinuan) atzera eginda, amesgaiztoa Igeldoko jolas parkean

Gauza jakina zen Kutxa Kultur jaialdiko azken jardunaldian gaua nork eta zerk borobilduko zuen: Los Planetas taldearen «Pesadilla en el parque de atracciones» kanta ezin aproposagoak.

Igeldorako bidean funikularrean traka-traka gora gindoazela, gure inguruko neskatoek ezpainak margotzeko eta mutikoek ileak orraztu eta zapiak lotzeko baliatu zuten bidaia. Guk gure aldetik !!! (Chk, Chk, Chk) nahiago bagenituen ere -azken orduan Granadako taldeak ordezkatu zituen-, J. sonatuaren Los Planetas zen larunbatean erakarpen indar handiena zuena; zalantza barik, Espainiako indie mugimenduan ezinbesteko taldea.

Beraiek agertu arte itzalpean izan zen oholtza nagusia. The Pains of Being Pure at Heart entzuterik ez genuen izan -ezta sarrera oso mugatua duen Antzoki abandonatuan saio iluna jotzekoak ziren Kokoshca ere; bi txanda egin behar izan zituzten eta bertaratzeko ilarak ikaragarriak ziren-; baina El Columpio Asesino epel eta itzali samar sumatu genuen -atzean ginen, horrek ere eragingo du-, bukaerako «Vamos» grinatsua gorabehera, eta Reptile Youth-en nahasketa, trinkoa izan arren, ez genuen ulertu.

«Nunca me entero de nada»; Los Planetas-en zuzenekoan ere mordoiloa iruditu zitzaigun soinua -aurrean ginen, horrek ere eragingo du-. Beti itzalpean, «Pesadilla en el parque de atracciones» eta «Un buen día» eskupekoarekin bukatu nahi izan zuten, baina zaleek, ezin sutsuago, berriro oholtzara bultzatu zituzten. Festa amaigabea eta eztanda mendi tontorrean.

80ko hamarkada

«Gaztarora itzuli berria naiz, 80ko hamarkadakoak dira hemen nagusi», entzun genion eskarmentu handiko musikari bati arratsalde partean, izan ere, sintepop eta elektropop doinuak ziren nagusi Igeldon.

Baina 90eko hamarkadako talde batek batu zuen jendetzarik handiena, Los Planetas-ek, eta 70eko hamarkadako psikodelia berreskuratu zuen Jacco Gardner-en zuzenekoa begitandu zitzaigun guri emanaldi azpimarragarriena -oso gaztea den herbeheretar musikariak «Cabinet of Curiosities» ederraz gain kanta berriak aurkeztu zituen-, aurreko egunean aipatzea ahaztu zitzaigun Toy taldearena bezain hipnotikoa, baina askoz garbiagoa.