J.L.
Aizkora | Apustua

Eneko Otaño eta Mikel Larrañaga azaroaren amaieran neurtuko dira

Ikusmin handia piztu duen apustua egin dute Eneko Otañok eta Mikel Larrañagak. Beizamarra eta azpeitiarra azaroaren 30ean neurtuko dira, nahiz eta oraindik apustua jokatzeko lekua erabakitzeko daukaten.

Otañok bota zuen desafioa, eta berak 18 kana-erdiko eta Larrañagak 20 ebakitzeko zen, baina, azkenean, aldaketak egon dira. Horrenbestez, Otañok 10 kana-erdiko eta bost 60 ontzako ebaki beharko ditu, eta Larrañagak, berriz, 60 ontzako bat gehiago. Enbor txikiak Beizamakoak plazaratuko ditu, eta handiak, aldiz, Azpeitikoak. Hori bai, Larrañagak ebaki behar duen seigarren 60 ontzakoa Eneko Otañok apartatuko du. Alde bakoitzak 3.000 euro jokatuko ditu dirutan.

Zaleak gazteak ikusteko gogoz daude, eta seguruenik bi hauen izenak hemendik aurrera askotan entzun beharko dira. Behetik gora ziztu bizian datozen bi gazte dira. Otañok 20 urte bete ditu abuztuan, eta 24 ditu Larrañagak. Apustuaren aurretik, gainera, Euskal Herriko Bigarren Mailako finala ere jokatu beharko dute, eta finalak ere ikusmin berezia izango du. Gipuzkoakoan, berriz, Larrañagak Lehen Mailako txapela jantzi zuen, eta Otañok Bigarren Mailakoan hirugarren amaitu zuen, nahiz eta bigarren postua ere esku-eskura izan zuen.

Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligan gaur saioa jokatuko dute Urdulizen Jon Rekondok eta Ander Erasunek (12.00). Lan ezberdinak egin beharko dituzte, eta gero denak batuta denborarik onena duenak eramango du gaurko saioko garaipena.