Nekea
Hamaseigarren etapa bukatu dugu. Gogorra izan da. Hirugarren astean sartuta, 2.500 kilometro inguru eta 60 ordutik gora egurrean aritu ondoren, txirrindularion gorputzek nekea adierazten dute.
Ez da soilik etapek eragindako nekea, ordea. Guztia izan behar da kontuan: hasierako asteko tentsio momentuak, erorketak, Andaluziako 44 gradutik gorako beroa, euria, gauetan lorik egin ezina, etapa aurretik eta ondoren egindako bidaiak... Azken batean, guztiaren baturak uzten gaitu hautsita. Bihotz taupadek ere horixe adierazten didate.
Izan ere, normalean, goizetan esnatu berritan 34 pultsazio inguru izan ohi ditut, baina, egunotan, nekearen ondorioz, ez ditut 42 baino gutxiago izaten. Aldiz, fresko nagoenean, 200 bihotz taupada ingurura iritsi ohi naiz esfortzurik handienetan, eta, gaur adibidez, 175-180 ingurura hurbildu naiz. Logikari jarraituz, egoera honetan, gauetan ziplo egin beharko genuke lo, baina kontrakoa gertatzen da. Gaur goizean esaterako, gosaltzera jaitsi garenean, ohiko galdera egin digu medikuak: «Ondo egin al duzue lo?». Erantzuna, ordea, ezezkoa izan da gehienon kasuan. «Zer ba, bero ala?», galdetu digu, eta guk «bero, hotz, hanketako mina, burukoa...» erantzun diogu, ez dakigula zerk eraginda baina ganoraz lo egin gabe gaudela, tamainan deskantsatu gabe jaikitzen garela azken egunotan. Hala ere, pasta edo arroz platerkada bat eta ohiko gosaria urdailera sartu eta berriz ere gerrarako prest gaudela esan diogu. Barre egin du. Badaki ohiko sintomak direla.
Egun hauetako etapak gogorrak izanik eta denok ere indarrez juxtu xamar bagaude ere, egunero dago gerra hasierako kilometroetan ihesaldia harrapatzeko. Sekulako intentsitatea izaten dute; esango nuke, lehen astean baino askoz gehiago. Denok nahi ditugu azken aukerak aprobetxatu eta eraso festa ikaragarria egoten da ihesaldia antolatu bitartean. Ni ere ez naiz atzean geratzen, baina aurten kostatzen ari zait gorpuzten den talde batean muturra sartuta egotea.
Gainean daramagun jipoia kontuan hartuz eta zer-nolako etapak diren ikusita, Vuelta bukatzeko ere lanak izango ditugula ematen du. Baina gorputzak sinetsi ezineko gaitasuna erakusten du halako egoera gogorretan, eta erreakzionatu egiten du apur bat gehiago eskatzen zaionean. Egunetik egunera, begi-zulo sakonagoak eta izter meharragoak nabaritzen ari naiz. Lotarako zein jateko, esfortzu handiagoa egin behar dut, baina, banderatxo gorria jaisten den unetik helmugako marra zeharkatu bitartean, egurra ematen saiatzen naiz.

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian
