Nagore BELASTEGI DONOSTIA
Entrevue
Iosu Zabala
Mondragon Unibertsitateko errektorea

«New Yorketik bueltan gehiago baloratzen da zein ondo bizi garen hemen»

Azken hilabeteak ditu Iosu Zabalak Mondragon Unibertsitateko errektore moduan, urtarrilean Vicente Atxak hartuko baitu bere lekukoa. Zabala errektore izan den zortzi urteetan elkarlanean aritu dira eta, horretan oinarrituta, Atxak «gauzak aurrera ateratzeko gaitasuna» daukala uste du. Era berean, ausardia eta ziurtasuna izatea gomendatu dio. Urtarrila iritsi bitartean, gure protagonistari «eskolara» itzultzea tokatuko zaio.

Badakigu zer-nolako poza sentitzen duten ikasleek kurtsoa amaitzen denean, baina zer sentitzen du errektore batek?

Zer sentitzen duten ikasleek ez dakit oso ondo, baina nire ikasle garaiko oroipen batzuk baditut eta haien antzekoak izango direla pentsatzen dut. Errektore batek, berriz, lanean dabilen beste pertsona askok izaten duen sentimendu antzekoa izaten du,

Oporrak parentesi bat bezala irudikatzen ditut, uzten ditugun lanak, kezkak, ardurak, zereginak, gero ere hor egongo direla badakit, baina, hasieran, parentesi horren itxiera oso-oso urruti ikusten dut, inoiz helduko ez den zerbait bezala. Eta parentesi horren barruan, erritmo jaitsiera, norberaren zaletasunak lantzeko denbora, aisialdia izateko aukera... daude, kurtsoan zehar denboragatik mugatuta ditudan ekintzak egiteko aukera.

Eta «parentesi» hori ixteko garaia iristen denean...

Gaur egun dugun egoera kontutan izanik, lanera bueltatzeko aukera dugunok daukagun zortearen sentimendua daukat.

Ikasle garaitan, txintxoa zinen edo piper asko egiten zenituen?

Adin horietan izan daitekeen bezain zintzoa nintzen, baina, hori bai, oro har nahiko formala nintzela esango nuke.

Oporretatik bueltan gaudela, kontatuko al diguzu nola pasatu dituzun aurtengoak?

Batik bat Donostian egon naiz, Aste Nagusiko astean izan ezik. Donostiako burrunba New Yorkeko beste era bateko burrunbarengatik aldatu dut. Gainontzean, normaltasun guztiz igaro dut uda; lasai, paseatuz, familiaz gozatuz eta Donostiako txokoak disfrutatuz. New York oso ondo dago, baina handik bueltan gehiago baloratzen da zein toki onean eta zein ondo bizi garen hemen.

Eta txikia zinenean, nolakoak ziren oporrak?

Gaztaroan herrian gelditzen nintzen normalean, Azkoitian, baina beti ura zegoen tokietara joateko irrikatan egoten nintzen. Batzuetan, bizikletaz edo Urolako trenean Zumaiara, hondartzara, edo herriko ibaietara joaten ginen.

Bidaia zalea zara edo hobe etxetik gehiegi ez aldentzea?

Bidaia zalea izan banaiz, baina nire lanagatik sarri bidaiatu behar izaten dudanez, udan, lasaitasuna ere gustura hartzen dut. Hala ere, ohitura daukat nire emaztearekin astebeteko irteeraren bat kanpora egiteko.

Oporrak... ahaztezinak dira batzuetan!

Ni neu gai naiz azken 40 urteotan nora joan naizen eta zer egin dudan esateko, baina ez oporraldi bakar bat aukeratzeko. Seguruenik ez du horrenbeste garrantzirik nora zoazen, eta bai berriz norekin eta nola disfrutatzen ditugun momentuak. Denbora igaro ahala, une horiek desberdinak izaten dira: umeak txikiak direnean, umeak pixka bat hazten direnean, beraien ibilbideak egiten hasten direnean, bikotearekin berriz ere bakarrik bidaiatzean... eta une denek dute beren berezitasuna eta enkantua.