Uzta bera
Gogoan ditut aspaldiko lagun batekin izaten genituen eztabaidak, aspaldi, Hondarribiko alardea zela eta ez zela. Mutiko jator-jator harekin, kosta egiten zen alarde parekidearen defentsak eragiten zion arbuio eta sumin sakona ulertzea, oraindik kostatzen zait han ikusten direnak ikusten jarraitu eta konprenitzea. Aurten, uzta bera.
Jakina, hark tradizioaren argudioa baliatzen zuen nagusiki, eta sutsuki esaten zigun, apenas esaten zuen/dute besterik, kanpotarrok ezin genuela sentimendua ulertu, egunen batean hain gauza erraza ulertu eta onartu egingo genuelakoan. Sentimendu eta tradizioak ukiezinak balira bezala, horiek aipatze soilarekin geure usteak abandonatu, armak hartu eta beste borrokaleku bat bilatzera joan beharko bagenu bezala, emakumeok. Harena lez, askoren ustea baita alardean parte hartu ahal izatea, espaloian txaloka egoteke edo kantinera izan gabe, emakumeon apeta bat besterik ez dela, egoskorkeria gizonen pareko protagonismoa izateko. Han eta handik kanpo, askoren iritziz ez da arazo soziala, herri bateko zenbait emakumeren -eta gizonezko gutxi batzuen- tema tinko eta iraunkorregia baizik. Eta, batik bat, pribatua; Hondarribian, kasu, hondarribiarrek beren artean konpondu beharrekoa, inolako presentzia arrotz sudurluzerik gabe. Udala aldeko, noski.
Aurtengo ajea pasata, galdegin nahi diet alarde parekidea behar bezala babestu eta bultzatu behar eta hala egiten ez dutenei -Hondarribiko alkateari, hasteko- nor dagoen setatuta herri bateko biztanleriaren erdia diskriminatzen duen tradizioa mantentzen, ondo dakiten bezala pertsona ugari mintzen duena, beste hainbeste lotsarazten duena, zeren izenean, horren ordez dagoen aukera, gehiengo batentzat ez eta eurek ordezkatzen dituzten herritar guzti-guztien gozamenerako izateaz gain, giza balio eztabaidaezin eta bidezkoetan oinarritzen denean, bestela ahoan, eta legeetan, barra-barra izaten dituzten horietan: berdintasuna, begirunea, guztion ongizatea, besteak beste.
Galdegin nahi diet, egin behar duten lana ez dezaten datorren irailera arte atzeratu, nora joaten zaien urtero garai honetan gizon eta emakumeen arteko berdintasuna eguneroko bizimoduan gauzatzeko borondate politiko famatua; areago, galdetzen diet benetan ematen ote dioten garrantzia, benetan ohartzen diren festa horren bueltan egin dezaketen lan onaz, eman dezaketen aurrerapausoaz, ereduaz, eta seriotasunez hartzen duten jendartearekiko eta bereziki emakumeon parte hartzeko eskubidearen bermeari dagokionez duten erantzukizuna saihetsezina. Aurtengoa pasata, galdetu nahi diet datorren urtean berriz bete beharko ote ditugun hedabideak halako kezkez edo alarde diskriminatzailerik ez dagoela ospatzeko aukerarik izango dugun.
Hainbeste urteren ondoren herri oso bat ordezkatu behar duen erakundearen jarrerak epel jarraitzeak, beste arlo batzuetan ahotan izaten duten berdintasun eredua beraiek zapuzten ibiltzeak, horrek egon behar du jomugan alardeari dagokionez. Bestelako hazirik tokian bertan erein ezean, datozen belaunaldiek ere uzta bera jasotzen jarraituko dutelako, arbuio berberaz. Eta gainerako borroka guztiak alferrikakoak izango direlako.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»
