Etxetik kanpoko joera aldatu beharra dauka Avironek
Talde zuri-urdinak gaur arratsaldean Grenoblen jokatuko du. Sailkapenaren erdian kokatzeko aukera paregabea izango du, betiere irabazten baldin badu.

Baionako Avironek etxetik kanpo jokatzen duenean ere irabazteko gai dela erakutsi behar du, hori ez baitu lortu aspaldian. Gaur 18.30ean Grenoblen jokatuko du, eta, lau puntu eskuratuko balitu, aurrerapauso handia eman eta sailkapenaren erdialdean jarriko litzateke, aurkari izango duen taldea atzean utziz.
Galtzen badu, ordea, gauzak bestelakoak izango dira, jaitsierako postuetan sartzeko arrisku handia izango baitu Avironek, atzean oso tarte txikia baitago. Beraz, gaur zerbait ateratzea komeni zaio, eta, lau puntuak badira, hobe. Horrek, sailkapenean lasaitasuna emateaz gain, euren buruari etxetik kanpo ere irabazteko gai direla erakusteko balioko lieke lapurtarrei.
Avironek badaki aurrean min egin behar duela, eta, entseguak etortzen ez baditu, zigorrak lortu behar ditu, Stwart sasoi betean baitago. Lapurtarren jaurtitzaileak hasiera bikaina eman dio denboraldiari, dena sartzen baitu, eta horrelako jokalariak erabakigarriak dira.
Grenoblek izan duen denboraldi hasiera Avironek berak izandakoaren antzekoa izan da, jokatutako bost partidetatik bi irabazi eta hiru galdu baititu. Hori bai, jokatu dituen partida guztietan puntu gehigarria lortu du, eta horrek sailkapenaren erdian kokatzeko balio izan dio.
Bruno, Pointgud, Van Rensburg, Jgenti, Lapeyrade, Etrillard, Labouyrie, Chisholm, Fa'aoso, Taele, Fonua, Haare, Mionribot, Olivon, Loustalot, Ropuet, Bustos Moyano, Stwart, Fernandez, Larrat, Ugalde, O'Connor, Rokocoko, Elisalde eta Ugalde izango dira gaur Avironek Grenoblera eramango dituen jokalariak. Cyril Lafon izango da epailea.
Pro 2 Mailan, Biarritzek bihar 15.05ean Tarbe hartuko du Aguileran. Jende asko batuko duen neurketa izango da, gainera, Tarbetik ere jarraitzaile asko etorriko baitira. Pasa den astean 25-18 galdu zuen Carcasonnen.
Ohorezko Maila
Ohorezko Mailan, ez zen batere ongi hasi denboraldia, lau euskal taldeetatik Gernikak besterik ez baitzuen irabazi. Hori konpontzen hasteko lehen aukera gaur izango dute, Hernanik 17.30ean Cisnerosen zelaian jokatuko baitu. Ez du norgehiagoka samurra izango talde gipuzkoarrak, baina pasa den igandean Santboianaren aurka etxean astindua hartu ostean, komeni da gaur zerbait ateratzea. Irabaztea izango litzateke onena, baina, hori lortu ezean, punturen bat eskuratzea ere ez legoke batere gaizki. Nievas izango da partidako epailea.
Biharko, berriz, denboraldiko aurreneko derbia dago iragarrita Altamiran, 12.00etan. Hain zuzen ere, Ampo Ordizia eta Bizkaia Gernika neurtuko dira. Denboraldi hasiera oso ezberdina izan dute bi taldeek. Izan ere, goierritarrek galdu egin zuten lehen jardunaldian, eta lehen garaipenaren bila aterako dira. Bizkaia Gernikak, berriz, irabazi egin zuen bere partida, eta galtzeko gutxirekin joango da Gipuzkoa aldera.
Etxekoak izango dira faborito, eta irabazteko presioa ere haiena izango da, galtzen badute egoera nahiko bihurrian geratuko baitira bi partida galduta. Gernikak, berriz, lehen jardunaldiko garaipenak ematen duen lasaitasunarekin jokatuko du Altamiran.
Bihar jokatuko du Getxo Arteak ere. Bizkaitarrek, Faduran, igo berria den Bartzelona hartuko dute. Getxok hasiera txarra eman zion sasoiari, galdu egin baitzuen Santanderren, eta, gainera, itxura ere ez zuen batere ona eman.
Horregatik, gaur irabaztera behartuta dago Getxo, bestela zuloan sartuko da denboraldia hasi bezain azkar, eta aurtengorako helburuak hori baino hobeak dira. Kataluniarrek talde polita osatu dute, nahiz eta igo berriak diren, eta ez da haiek menderatzea batere erraza izango. 12.00etan hasiko den partida Villegasek zuzenduko du.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
