J.L.
TRONTZA

Zazpi bikote lehiatuko dira Nafarroako Txapelketa mistoan

Trontzan, Nafarroako Txapelketa mistoa jokatuko da gaur arratsaldean Igantziko pilotalekuan, arratsaldeko seietatik aurrera. Hauek arituko dira txapelaren bila: Xabier Urrutia eta Nerea Sorondo, Daniel Saldias eta Amaia Garcia, Alberto Oteiza eta Ana Lopez, Adrian Berruezo eta Itziar Nuñez, Oier Aizkorbe eta Ilargi Gonzalez, Mikel Eugi eta Irati Astondoa, eta Julen Kañamares eta Ainhoa Mazkiaran.

Hala ere, gaurko txapelketa honek lau hutsune nabarmen izango ditu, Barberena anaiak eta Iraizoz ahizpak ez baitira lehiatuko. Iraizoztarrak dira egungo Euskal Herriko txapeldunak nesketan, eta barberenatarrak, iazko Euskal Herriko txapeldunak mutiletan, aurtengo finala ez baita jokatu, nahiz eta han izateko txartela lortuta duten.

Gainerakoak ere maila handikoak dira, eta ez da faborito garbirik ikusten, eta ikuskizun polita eskaintzeko gai dira. Bikote bakoitzak etzaniko 45 ontzako enborrari hamar epai eman beharko dizkio. Gaur arratsaldean Igantzira joaten direnek, ordea, ez dituzte trontzalariak bakarrik ikusiko, han arituko baita Inaxio Perurena ere, bere harriekin erakustaldia egiten, zaleen gozamenerako.