Jon LEUNDA
aizkora Nafarroako Lehen Mailako finala

Floren Nazabal txapelak pilatzeko gogoz ageri da

Jon Rekondo, Ander Erasun, Ruben Saralegi eta Oihan Larretxea neurtuko dira biharko norgehiagokan.

Nafarroako Lehen Mailako finala jokatuko da bihar, 13.00etan, Etxarri Aranatzeko pilotalekuan. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu beharko ditu. Floren Nazabal, Jon Rekondo, Ruben Saralegi, Ander Erasun eta Oihan Larretxea neurtuko dira final honetan.

Floren Nazabal da irabazteko faborito nagusia. Bera da txapelduna, eta bere herrian ez du hutsik egin nahi izango, gainera. Euskal Herriko finala ere laster izango da, eta harako ere oso entrenamendu ona izango da saio hau; izan ere, Euskal Herriko finalean baino bi oinbiko gutxiago soilik izango dituzte, eta zaleek erreferentzia hartzeko ere balioko du. Berak txapela ez lortzea ezuste handi bat izango litzateke.

Jon Rekondo ere saiatuko da Etxarrikoa estutzen. Lehen helburua bigarren postua ziurtatzea izango da, eta faboritoak huts egiten badu, hari aurrea hartzeko prest egon nahi du.

Gazteak

Bi horiez gain, beste hiru gazte, etorkizun ikaragarria duten hiru gazte, neurtuko dira, eta horien helburua ere bigarren postu hori izango da. Ruben Saralegi, Ander Erasun eta Oihan Larretxea dira gazte horiek. Garbi dago etorkizunean txapela horietako batena izango dela. Hirurak ere adin berekoak dira, eta neurketa oso polita izan daiteke.

Finala bera da erakargarria, eta garrantzitsuena, jende oso gaztea dagoela tartean, eta gerorako behar-beharrezkoa izango da. Ikusmin handia piztu du, eta Etxarriko pilotalekuko harmailak erabat beteko dira. Final honetan arituko diren aizkolariek orain dela bi aste Uharte Iruñean jokatu zen kanporaketan lortu zuten finalerako txartela. Kanporaketa hartan Floren Nazabal izan zen onena, eta han ere garbi utzi nahi izan zuen txapela lortzeko faborito nagusia zein den.

Kanporaketa

Orain dela bi aste jokatu zen kanporaketan sailkatu ziren aizkolariak arituko dira biharko finalean. Nazabal izan zen ordukoan onena, eta bera izango da bihar ere faborito nagusia.