Xabier Letona
ARGIA, 2014/10/9
HEMEROTEKA

Alderdi soberanistek A9ko kontsultara nola iritsi erabaki behar dute

(...) Azaleko kontuak, baina, bestelakoak dira. Kontsulta blindatzeko asmoz, ERC behin eta berriro ari da eskatzen gobernuan sartzeko, eta CUPek ere hala izan dadila eskatu du aste honetan. Mas presidenteak, aldiz, ez du horren beharrik ikusten, behin eta berriz A9an kontsulta egin egingo dela azpimarratuz.

Iragan ostiraleko bilerako ezusteetakoa -La Vanguardiako kronistak dioenaren arabera- hori izan omen zen hain zuzen, Masek kontsultarekin jarraitzeko agertutako erabaki irmoa.

Oraindik ere, Katalunian zein kanpoan, analista gehienek uste dute azken unean iragarritako kontsulta ez dela egingo eta alderdi soberanistek hauteskunde plebiszitarioak adostuko dituztela, baina gauzak ez daude batere argi.

Batetik, inkestek ez dute iragarpen onik CDCrentzat eta Masen helburua ERCrekin koalizioan joatea litzateke. ERCk kosta ala kosta A9ko kontsulta egin nahi du, baina behar bezalako berme demokratikorik ez balego eta hauteskunde aurreratuetara jo behar bada, CDC eta ERCren arteko programan independentziarena litzateke puntu nagusia, hau da, alderdi soberanistek gehiengo argi bat lortuz gero, Kataluniako Legebiltzarrak independentzia aldarrikatuko lukeela. (...)

Indarra hartzen ari den beste hipotesia kontsulta alternatiboarena da, ANC, Omnium eta udaletxeek eraman dezaketena. Hipotesi honetan, Generalitateko kontsulta asmoarekin ahalik eta luzaroen jarraitzea litzateke bidea, nazioartean Espainiaren debekua ahalik eta argien ikusarazteraino.

Kasu honetan, kontsulta alternatiboak ez luke ofizialaren indarra, baina soberanismo katalanak beste mobilizazio erraldoi bat egiteko baliatuko luke, bide batez herritarren parte hartze datuak termometro bilakatuz.

Pertsona kualifikatu askorentzat, ordea, gaur gaurkoz hori defendatzea kaltegarria litzateke. (...)