Carlos Gilek idatzitako «Cuarteto del alba» obrak zabalduko du BAD jaialdia

Antzerki eta Dantza Garaikidearen BAD jaialdia asteazken honetan, hilak 22, hasiko da, Carlos Gilek idatzitako «Cuarteto del Alba» obraren estreinaldiarekin batera. Muntaia Laurentzi Producciones euskal konpainiak eramango du taula gainera, Lander Iglesiasen zuzendaritzapean, eta antzerkiaren munduan ibilbide zabala duten lau aktorek hartzen dute parte: Maiken Beitia, Gotzon Sanchez, Ricardo Moya eta Valery Tellechea.
Laurentzi Produccionesen azken lan hau atzo goizean aurkeztu zen Arriaga antzokian. Bertan egon dira Ibone Bengoetxea, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotzia, Lander Iglesias lanaren zuzendaria eta antzezleetariko batzuk. Azaldu zutenaren arabera, antzezleak aukeratzeko orduan baldintza nagusi bat hartu da kontuan: agertokian bi belaunaldi egotea. Hala, zuzendariak bere ibilbidean zehar antzerkian, telebistan zein zinema proiektu askotan lankide izan dituen pertsonok berriro ere antzerkira itzultzea ekarri du lan honek.
Gilen hitzetan, lau aktoreak «izate eszeniko» bilakatzen dira obran zehar, pertsonaia asko barneratu behar dituztelako eta «etorkizunera begira dagoen plataforma gisa proiektatzen den talde ahots bakar bilakatzen dira. Pertsonaia horiek definitzen dituztenak ez dira euren ezaugarri psikologikoak, nabarmenetik harago dauden sinbolismoak edo esanahiak baizik».
Bere ibilbide profesionalean antzerkiaren munduan lan ugari egin badu ere, hauxe da Carlos Gilek dramaturgo gisa egin duen lehenengo lana. Arte eszenikoen munduan antzezle, zuzendari eta produktore lanetan ibilia da eta Artezblai argitaletxeko liburu anitzen zuzendari eta editore da, baita arte eszenikoei buruzko Yorick liburu-dendaren sortzailea ere.
Talde artistikoa osatzen dute Mariluz Diaz ekoizpen laguntzaileak, koreografiaz eta ikus-entzunezko espazioaz arduratzen den Sara Paniguak, Iñigo Ibaibarriaga soinu-teknikariak eta argiztapenaren eta ikus-entzunezkoen diseinua egin duten Iñaki Garciak eta Bruno Ventolak.
«Cuarteto del alba» Arriaga antzokiko agertoki nagusian eskainiko da urriaren 22an eta 23an, 20.00etan. Sarrerak 7 eta 16 euro artean daude eskuragai. Bonobad-ek txarteldegian %25eko beherapena izateko eskubidea ematen du.
BAD jaialdia azaroaren 2ra arte garatuko da Bilboko hainbat agertokitan eta, berrikuntza gisa, Arriaga plazak Cielo Raso euskal dantza konpainiaren aire libreko inaugurazio lana jasoko du, hilaren 22an, 19.00etan.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
