Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
ITSASOA

BWWT 2014/2015: Olatu handien munduko itzulia bigarren fasean sartu da

Hego hemisferioko txapelketak egiteko itxaronaldi epea agortuta, datorren urteko otsailaren 28a arte iraungo duen epea hasi da ipar hemisferioko munduko olatu handien txapelketetarako. Gurean ere dena prest dago Galea muturreko olatu handien lehiaketa egiteko.

Olatu handien munduko Tourra bigarren denboraldian sartu da. Hego hemisferioan egitekoak ziren txapelketen epea amaitu ondoren, ipar hemisferioko txapelketen txanda iritsi da.

Big Wave World Tour 2014/ 2015 indarrean da beraz, eta urriaren 15ean hasi zen bigarren denboraldiak otsailaren 28ra arte iraungo du.

Hego hemisferioan

Big Wave World Tour (BWWT), olatu handien itzulian, aldaketa nabarmenak izan dira aurten. Guztira sei txapelketek osatzen dute zirkuitua. Horietatik hiru hego hemisferioan egiten dira eta beste hirurak, berriz, ipar hemisferioan.

Aldaketa esanguratsuenak ipar hemisferioan izan dira; izan ere, aurten orain arte zirkuitu honetan izen eta ospe handienetakoa izan duen txapelketa bertan behera geratu da, alegia Mavericksekoa.

Horretaz gain, Oregoneko Nelscott Reef urautsian egiten zen txapelketa ere zerrendatik ezabatu dute. Gauzak horrela, AEBetan egiten ziren bi txapelketak kendu, eta horien lekukoa Euskal Herriak eta Hawaiik hartu dute.

Apirilean hasi zen 2014/2015 Big Wave World Tour itzulia. Hego hemisferioan, aurtengoan, Txile eta Peruko urautsiei Hegoafrika gehitu zaie, baina itxaronaldi epea igaro da eta Peruko txapelketa soilik egin ahal izan da.

Txilen, Punta Lobos olatu indartsuan txapelketa egin ahal izateko gutxieneko baldintzak beteko zituen adinako itsaskirik ez zen izan, ezta Hegoafrikan ere. Beraz, Dungeos urautsi arriskutsuan estreinatu behar zuten munduko olatu handien txapelketa egin gabe geratu dira aurtengoan hegoafrikarrak.

Hego hemisferioan, beraz, Peruko Pico Alto eskuin olatu famatuan bakarrik egin ahal izan dute munduko olatu handien txapelketa. Uztailaren 2an, Itsaso Bareak Hego Ameriketako kostaldea kolpatu zuen itsaski sendo bati esker olatu handi eta ederrak izan zituzten Pico Altoko urautsian, eta garailea Makua Tothman hawaiiarra izan zen. Hortaz, bera da oraingoz rankingeko buru.

Ipar hemisferioa

Ipar hemisferioko itzulia, ostera, 2014ko urriaren 15a eta 2015eko otsailaren 28a bitartean egingo dena, honako lekuetan izango da: Todos Santos (Mexiko), Galea lurmuturra (Euskal Herria) eta Jaws (Hawaii).

Azken hau olatu handietako urautsi ospetsuenetako bat da, Maui irlan dago eta bere berezko izena Pe'ahi da; hala, batzuetan urautsiaren izena modu batera edo bestera idatzita agertzen da.

Behar adinako itsaskia sartzen bada eta txapelketa egiteko beharrezko baldintzak betetzen badira, Mauiko urautsi honetan arraun eginez hartutako olatu handien txapelketa bat egiten den lehen aldia izango da.

Ipar hemisferioan itxaronaldi epea ireki da, beraz, eta aurrerantzean itsaski handien iragarpenei so izango dira antolatzaileak, baita gurean ere. Azken bi urteetan txapelketa ikusgarriak egin ahal izan dira Galea muturrean, eta aurten ere ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dela uste dute antolatzaileek.

Gary Linden, BWWT itzuliko zuzendariordea, honela mintzo zen sasoi berriaren aurkezpen ekitaldian: «Argi berdea piztu da hiru txapelketatik lehena egiteko. Gutxienez behar diren hogeita bost oineko olatuak izaten badira, Galea muturrean txapelketa egiteko prest daude. Azken bi urteetan sekulako itsaskiak izan dira han. Bestalde, Todos Santoseko urautsian, gutxieneko itsaski baten faltan, ezin izan da txapelketarik egin azken lau urteetan».

Txapelketa hauetan 24 lehiakidek hartzen dute parte. BWWT rankingean lehen 12 postuetan dauden lehiakideek postua ziurtatuta dute. Gero, sei gonbidatu berezi daude wildcard bati esker parte har dezaketenak. Horien artean Kelly Slater dago, esaterako, hamaika bider munduko txapeldun izandakoa.

Azkenik, bertako beste sei surflariri ere parte hartzeko aukera ematen zaie gonbidapen wildcard batekin. Galea lurmuturrean bertako gonbidatu gisa parte hartu ahal izango duten olatu handietako surflariak hauexek dira: Adur Letamendia, Natxo Gonzalez, David Bustamante, Jon Garai, Indar Unanue eta Aritz Aranburu.

Beraz, dena prest dago. Atlantikotik gutxienez zazpi metroko altuera izango duten olatuak etorriko direla ikuskatzen bada, munduan zehar barreiatuta dauden lehiakideei deitu eta itsaskia sartzen den egunerako guztiek Galea muturrean surf egiteko moduan egon beharko dute. Itsasoak esango du, beraz.