Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

«Guk ere bai» gaiztoa

Zinemazale porrokatua naiz, bizioa da niretzat zine areto batean sartu, argiak itzali, isiltasuna nagusitu eta erraietan zirraratxo hori sentitzea, etortzear dagoena ikusteko irrika. Era berean, inguratzen duenaz eta dutenez irakurtzen edo hitz egiten denbora tarte ederrak eman ditzaket, eta horren guztiaren gainean eztabaidatzea pasio dut: nire pareko zaleekin bat etorri ez eta filmen, aktoreen eta zuzendarien defentsan edo arbuioan ibiltzea, etxekoak balira bezala, geure lagun minak edo.

Izugarri gustatuko litzaidake, beraz, egunkari batean zuzendariari gutuna bidali zion gizonezko batekin solasalditxoa egiteko parada edukitzea. «Sexismoa zazpigarren artean», zioen gutunaren izenburuak («Deia», 2014-10-24). Ikusi nuenean, egia esanda, banuen buruan hizpide izango zuenaren aurreikuspenik, eztabaidaezina delako, adibidez, zinema dela emakumeok jendartearengandik jasan beharreko gorpuzkeraren gaineko presioaren eszenatoki garbi eta ikusgarriena; mundu osoan, tokian tokiko forma eta ereduen arabera, orokorra den presio tinko, iraunkor eta eskizofreniko horrena, hainbeste gaitz eta kalte fisiko zein psikikoren eragile. Edo jakina delako zinema, gehienbat, gizonezkoek egiten (finantzatzen, idazten, zuzentzen, antzezten, zabaltzen...) dutela, eta, alderatuta, emakumeak bigarren maila batean daudela oraindik, ikuspegi askotatik (soldatak, aukerak, paper motak, pelikulen gaiak...); edo oro har gehiengoak kontsumitzen duen zinemak, komertzialak, batez ere emakume estereotipo jakin bat iraunkortzen segitzen duela, atsedenik gabe.

Bada, ustekabe itzela hartu nuen, eta berretsi egin zidan, zinema-kontuak alde batera utzita, aspaldi sumatu baina azkenaldian nabarmenago ikusten dudan joera bat ez dela nire irudipena. Aipa dezadan, horren erakusle, gutunaren bukaera -egileak bere tesia sendotzeko datu estatistiko jario ederra bota osteko ondorioa: «Gainera, misandria kulturalaren gorakadarekin, ugariak dira sexu femeninoarekin alderatuta maskulinoa mespretxatzen edo umiliatzen duten filmak». Zinemaren historian emakumea modu anitzetan mespretxatu duten pelikulen kopurua alde batera utzita -«ugariak» esatea motz geratuko litzateke-, norbanako zehatz honen iritziak baino adierazten duen pentsamendu-korrontea iruditzen zait kezkagarria. Izan ere, bada nolabaiteko gaiztakeria, nolabaiteko azpijokoa, emakumeok emakume izateagatik sistematikoki jasaten ditugun bidegabekeria edo gaitzei balioa kentzeko; jendarte-egitura jakin bezain errotu baten ondorioz mahai gainean dugun erronkari, eremu ilunik gabeko berdintasun osora iristeari, garrantzia murriztu edo prestigioa kentzeko.

Genero-indarkeriagatik emakumeek jarritako salaketa faltsu urri-urriak behin eta berriz nabarmendu nahian dabiltzanak dakarzkit burura, adibidez, salbuespena orokorraren pare jarriz xedea desitxuratu nahian dabiltzanak. Kezkagarri bezain antzeman eta erauzi beharreko jarrera iruditzen zait: gizonek sexismoa emakumeon maila berean pairatzen dutela sinetsarazteko nahi eta ahalegina, askotan hain solidario eta polita izaten den «Guk ere bai», baina gaiztoa.