Nagore BELASTEGI
GERNIKAKO URRIKO AZKEN ASTELEHENA

«Gaizki ez gaude hainbeste jendek astelehenean jai badauka»

Milaka lagun gerturatu ziren atzo Gernikara. Zehazki zenbat milako ziren esatea, ostera, ez da hain erraza. Adin guztientzako festa omen da urriko azken astelehenean ospatzen den feria hau; adin guztientzakoa eta gustu guztientzakoa, izan erosketa zale, izan bertsozale, parrandazale...

«Gaizki ez gaude hainbeste jendek astelehenean jai badauka», bota zuen Maialen Lujanbio bertsolariak Merkurioko plazan kokatutako taula gainetik. Andoni Egañak trebe erantzun zion: «Hemen jendeak jai izateko arrazoi bi daude: batzuk nahita hartuko zuten eta besteek nahi gabe». Sebastian Lizasok biribildu zuen baieztapena «jubilatuak, langabetuak, bajan daudenak ere bai» esanda. «Gaur bajan ez dagoen bat bihar igual egongo da», berriro Egañak. Bertso zati horiek azaltzen dute atzo Gernikan zer nolako jendetza zegoen. Izan ere, bertako askok lana izan arren, jai hartzen saiatzen dira. Hori da Eli eta Idoiaren kasua. Duela urte batzuk parranda egiteko eguna zuten, baina orain eguna aprobetxatzen dute eta goiz joaten dira etxera. Bazkaltzeko, eguraldi aparta egiten zuela ikusirik, aukera hoberik ez zuten aurkitu, «taloa, kalean». Gernikarrentzat «oso egun polita da». Horregatik, azken urteetan jai hartu dute lanean, goizetik giroan barneratu ahal izateko.

Beraiekin bi lagun zituzten, Lasarteko Marta eta Kordobako Antonio. Lehenak ere jai hartu du lanean lagunek gomendatuta. Bigarrena, berriz, asteburu pasa etorri da lagunen etxera, nahiz eta, dirudienez, ez zen ohartu asteburua jada pasata zegoela. «Eguraldi kaskarra espero nuen, baina begira! -zioen garagardo botila zerura goratuz- mota honetako nire lehenengo festa da hau eta gustatzen zait giroa», esan zuen, garagardoa amaitu ostean txakolinarekin hasiko zela hitzeman aurretik.

Kuadrillatxo hau atzean utzita, postu artean hara eta hona, poltsak eskuan, beste gazte taldetxo bat zebilen. Asierrek, Jonek eta Sarak ordubeteko bidaia egin behar izan zuten Gernikara iristeko. Mutilak Aretxabaletakoak dira eta neska, Bergarakoa. «Etorri garen lehenengo urtea da. Langabezian gaude hirurak eta goiza pasatzera etorri gara. Animaliak ikusi nahi genituen, baina ohartu gara hori urriko lehenengo astelehenean dela, eta ez azkenean», kontatu zuen Asierrek. Hala ere, ederki ibili ziren eta, langabezian jarraitzen badute, datorren urtean ere Gernikara gerturatuko direla esan zuten.

Aretxabaletako eta Bergarako gazteek eguerdi partean alde egin zuten, beste jende asko iritsi zen une berean. Euskotrenek zerbitzu berezia eskaini behar izan zuen espero zen jende kopuru handia ikusirik. Gainera, Bizkaibusek greban jarraitzen zuenez, erabiltzaileak izugarri ugaritu zitzaizkion Euskotrenen Bilbo eta Bermeo arteko lineari.

Familian zein kuadrillan

Artekaleko postuak ziren jende gehien biltzen zutenak; alegia, gazta, txakolina eta babarrunak saltzen zituztenak, baina bestelako produktuak ere saltzen zituzten ferian, hala nola, artisau produktuak, patea, antxoak, txokolatea, erroskilak, marmelada... eta gehienetan zegoen zer dastatu. Hala, gutxi ziren tentazioari aurre egiten ziotenak eta besotik zintzilik poltsarik ez zutenak.

Poltsa ugari zituen, adibidez, Ane txikiak haur-kotxearen azpian. Aitona Fede zuen bultzaka eta anaia Ikerrek fuerte heltzen zion ez galtzeko, eskumuturrean loturik zeraman globo koloretsuak bere tamaina konpentsatzen zuen arren. Bilbotarra da familia hau. Aiton-amonek bilobak hartu eta egun-pasa eraman zituzten Gernikara. «Gurasoek lan egin behar dute eta guk baimena eskatu diegu hauek ekartzeko. Anek haurtzaindegian behar zuen eta Ikerrek haur eskolan, baina gaur piper egin dute», aipatu zuen Fedek Ikerren algara piztuz.

Beraiek bezain pozik zegoen pasealekuan txakolina banatzen zebilen «bilbotar» kuadrilla. Bilbotar komatxoen artean, Bilbon bizi eta ikasten dutelako, baina bakoitza herri batekoa delako. «Goizean klasea izan dugu eta bazkaltzera etorri gara -kontatu zigun txakolina banatzen ari zen Enekok-. Bihar klasera joateko asmoa dugu, baina segur aski baten batek ez du bere hitza beteko». Adinean daude bada honelako festa jatorrez disfrutatzeko.

Gazta, 6.500 euroan

12.00etan hartu zuten hitza bertsolariek, eta haien txanda amaitzean, sariak banatzeari ekin zioten. Kategoria ugari izan ziren, postuen aniztasunaren pare. Loreetan Gatikako Nekane Lopezek irabazi zuen; eztietan bi sari izan ziren, Zornotzako Valentin Llonarentzat bigarrena eta Kortezubiko Javier Larrinagarentzat lehenengoa; frutetan Gatikako Jose Etxebarriak jaso zuen garaikurra; eta barazkietan Urdulizko Adela Andikoetxeak.

Txakolin eta gazta txapelketa izan ziren nagusiak. Hala, txakolinak hiru sari banatu zituen. Txakolin beltzik onenarena Urduñako Maixu SLk jaso zuen. Gatikako Txone SLk, berriz, txakolin zuri eta gorririk onena egin zituen.

Gazten artean, lau aukeratu zituzten onenetan. Lehengo saria Agiñagako Larraberentzat izan zen; bigarrena, Illarduiako La Lecerentzat; hirugarrena, Gereñuko Audikana Anaientzat; eta laugarrena, Azpeitiko Berastegi elkartearentzat. Horrelako feria gehienetan bezala, ezin enkanterik falta. Bi gazta onenak atera zituzten enkantean; Larraberena Bilboko Mendata Berria jatetxeak eskuratu zuen (iaz bezala) 6.500 euroren truke. Illarduiako gazta, berriz, Xaibor DJ-k erosi zuen 4.100 euroren truke.