Amaia U. LASAGABASTER
Entrevue
XABI IRURETA
EIBARKO ATEZAINA

«Lana, esperientzia eta urteekin lasaitasuna eman diot nire jokoari»

23 urte baino ez zituen Eibarko atea lehen aldiz defendatu zuenean. Harrezkero 185 partida jokatuta, jaitsiera bat, bi igoera, tristurak eta pozak bizitzea egokitu zaio, eta taldeak azken bi urteotan egin duen bideari jarraituz, bere heldutasunera heldu dela esan daiteke. Hasieran sumatzen zitzaizkion bertuteak landuz eta akatsak zuzenduz, Lehen Mailan primerako atezaina bilakatu da.

Astea ez da ondo hasi Xabirentzat. Gehienek berarentzat izango zela uste zuten sariak German Luxen eskuetan amaitu du. Bizkaitarra konforme dago halere, horixe bada denboraldian datorkion atsekabe bakarra.

Iaz gol gutxien jaso zuen atezaina izan ondoren, gehienok uste genuen LFPren saria zuretzat izango zela, baina egia da, halaber, zure defentsak egindakoak lan dexente kendu zizula.

Ez dizut gezurrik esango, taldeak zer-nolako denboraldia egin zuen ikusita, gainera jokalari gehienok 2.B Mailatik gentozela kontuan hartuta, neuk ere uste nuen taldeak sariren bat merezi zuela. Baina horiexek izan ziren emaitzak eta ez dago buelta gehiago eman beharrik.

Eta egia da aipatu duzuna ere. Oso gustura sentitu nintzen denboraldi osoan, oso pozik amaitu nuen egindako lanarekin, baina sentitu nuen segurtasun horren kulpa handia taldeak egin zuen defentsa lanak izan du.

Nolanahi ere, zure taldekide batek esan zuen bezala, saririk onena orain disfrutatzen ari zaretena da, Lehen Mailan jokatzea.

Argi dago. Etorri berri diren jokalari asko Lehen Mailan ibilitakoak dira eta aukera estimatu arren ez dut uste konparatu daitekeenik guk sentitzen dugunarekin. Eibarren betidanik egon garenontzat, lehenengo aldiz maila honetan jokatzea, gainera guk geuk egindakoari esker... Ez dago hori baino sari hoberik.

Igoeraren sari hori lortzean denek esaten zenuten ametsetan zenbiltzatela. Denboraldia hasi da, sinesten duzue Lehen Mailako jokalariak primerakoak zaretela?

Puff. Nik neuk sinisten dudana Lehen Mailan jokatzen nagoela da. Eta horretaz guztiz konturatzea ere kostatzen da. Primerakoa naizela sinestea.... Hori beste gauza bat da, gehiago kostatuko zait eta aurretik demostratu behar dut.

Zein da nabaritu duzun aldaketarik handiena?

Azkarrago jokatzen da, eta batez ere, kalitatea. Batez ere zelai erditik gorako jokalariena. Bigarren Mailan ere oso jokalari onak daude, baina bi, hiru edo lau saiakera behar dituzte atean asmatzeko edo aukera erabakigarria sortzeko. Lehen Mailan askok batekin nahikoa dute asmatzeko, baita gola sartzeko ere. Kalitatea asko igartzen da.

Halere, badirudi ondo moldatzen ari zarela.

Bederatzi partida baino ez ditugu jokatu eta astero-astero joan behar gara lan egiten, moldatzen, hobetzen... Pozik gaude egiten ari garenarekin, baina adibidez, ni neu Iñaki Lafuentek (atezainen entrenatzailea) esaten duena egiten ere saiatzen naiz. Hau da, norbera urduri egonda ere, lasai dagoela demostratzen saiatzea. Eta batzuetan horrela da, ziurtasun irudi hori nolabait eraikitzen duzula. Baina egia da oro har gustura jokatzen ari naizela, hasieran beharbada urduritasun puntu bat egoten da, baina alde batetik ezkutatzen ahalegintzen zara, eta bestetik, partida aurrera joan ahala jokoan kontzentratu eta urduritasuna ahazten zaizu.

Eskaintzen ari zaren mailara heltzeko eboluzio bat behar izan duzu. Askoren ustetan zeu zara azken urteotan gehien hazi den taldeko jokalaria. Zure heldutasunera heldu zarela esan daiteke.

Oraindik ibiltzeko bidea daukadala uste dut, baina neu ere konturatzen naiz eboluzio horretaz. Lafuentek, adibidez, oso lan ona egin du nirekin. Lasaitasun puntu bat irabazi dudala uste dut. Lehen gehiago prezipitatzen nintzen, arinegi heldu nahi nuen... Azken urteotan lasaitasun handiagoz lan egiten dudala igartzen dela uste dut. Urteak eta esperientziak ere laguntzen dute; baita egunero Lafuenterekin egiten dudan lanak ere, nire jokoaren alde onak indartzeko eta txarrak zuzentzeko.

Zeintzuk dira zure jokoaren alde on eta txar horiek?

Txarrena betidanik lasaitasun falta hori izan da. Hobetu dut baina oraindik jo eta ke nabil lanean. Eta onena, beharbada, altua ez izan arren goitik ondo noala eta segurtasun handia daukadala neure buruarengan.

Azken urteotan atezain altuak modan daude berriro ere. Bi metro edukitzea derrigorrezkoa ez dela demostratzen duzu zuk.

Bueno, modan daude, altuak eta oso-oso onak direlako. Baina bai, ni ondo moldatzen baiz. Zortea daukat, hain altua ez izan arren hanka nahiko indartsuak ditudalako eta nahiko ondo koordinatzen dudalako saltoetan.

Beharbada salto horiek beste era bateko saltoa egitera bultzatuko zaituzte. Zurrumurru asko entzuten ari dira azkenaldi honetan.

Entzun, entzun ditut neuk ere, kalean, lagunei... Baina egon, ez da ezer egon, nigana ez da inor etorri ezer eskaintzera. Egia esan, ez zait batere inporta horrelakoak entzutea, seinale ona da, taldea gauzak ondo egiten ari dela esan nahi du. Eta inportanteena, Eibarrekin 2016ra arte kontratua daukadala da, eta horretan nago zentratuta.

Erronka politarekin, gainera. Ondo ekin diozue aurreko aste hauetan. Aurretik pentsatutakoa baino hobeto?

Bai eta ez. Dena berria da eta ez dakizu zelan moldatuko zaren maila berrira. Baina aldi berean, azken bi urteotan egindakoari jarraitu diogu eta horrek sekulako konfiantza ematen digu. Maila aldatu arren, entrenatzailearen ideiak, oso ondo barneratuta ditugu, lan egiteko era, mentalitatea... berberak dira. Orain arteko lanak emaitza onak eman dizkigula jakiteak konfiantza eman eta aurrera jarraitzera bultzatzen gaitu.

Azken asteotan, halere, taldearen erritmoa baretu da. Galdu ez baina irabazi ere kostata.

Horrela da. Eta argi dago konpondu behar dugula, baina larritu barik, gauza asko ondo egiten ditugulako. Eta horren isla onena da aurkariei gu gainditzea asko kostatzen zaiela. Halere, gauza batzuk hobetu behar ditugu, dudarik ez.

Partida hasierak, adibidez. Faktura handia pagatzen ari zarete hasieretako akatsengatik.

Kontzentratuta egon arren, gola jaso dezakezu, baina egia da hainbat partidatan ez garela ondo zelairatu. Lanean dihardugu horretan, taldeak ondo jokatzeko eta golak sartzeko kapaz dela demostratu duelako, baina lehen minutuetan atzetik jartzeak partidak asko zailtzen ditu.

Hainbat puntu joan dira horrela, eta konturatu orduko atzekoak gerturatu daitezke. Laster irabazi behar da, bai ala bai.

Dudarik ez. Atzekoek partida pare bat irabazi, harrapatzen gaituzte, eta egoera ez da hain ondo ikusten. Beti ahalegintzen gara irabazten, baina argi dago Vallecaseko partida oso garrantzitsua dela: egutegiari begira, sailkapenari, «gure Ligakoa» izan daitekeelako... Ea garaipena ospatzeko aukera daukagun.