Jaime VALVERDE
KRITIKA antzerkia

Pedofilia eta aurreiritziak

Arkimedesen printzipioa», estatuko zein kanpoko zenbait konpainiak taularatu ostean, gurera iritsi da Maskarada taldearen esku. Josep Maria Miro dramaturgoak idatzitako testu honek igerileku begirale baten ustezko pedofiliaz dihardu.

Carlos Paneraren taldeak ongi bete du lana. Eneko Sagardoy aktoreak, begirale susmagarriaren paperean, asmatzen du pertsonaiak behar duen anbiguotasuna irudikatzen. Tessa Andonegik sakontasuna eta samurtasuna ematen dio begiralearen ardura duen zuzendariari. Xabier Ortuzar ondo aritzen da begirale lañoari bizitza ematen, hala nola Aitor Fernandino aita kezkatua jokatzen.

Miroren lana egungo gizarteak pedofiliaren inguruan garatu duen kezka izugarriaz mintzo da. Istorioari eragiten diona begiraleak ume bati ahoan emandako musu bat da. Gertakari horrek susmo eta aurreiritzien dantza sorrarazten du. Zer dago horrelako musu baten atzean? Maitasun keinu bat ala abusu sexuala? Abiapuntu dramatiko interesgarri bat, beraz.

Aipatu beharra dago testuak ez duela erabat lortzen planteatutako asmoak betetzea. Momentu batzuetan eztabaidek sendotasun falta dute, eta pertsonaien jokaera ez da beti erabat sinesgarri. Haatik, antzezlanaren maila orokorra altua da. Gaiaren konplexutasunak beharko lukeen ohiz kanpoko obra izatera iristen ez bada ere, oso interesgarria da planteatzen duen hausnarketa.

Ikusleari pentsarazten dio aurreiritziek eta beldurrek guregan duten pisuaz. Gizarteak pedofiliaren kariaz garatu duen kezka zeinen erraz bihurtzen den beldur. Oinarri sexuala ala maitasunezkoa duten keinuen artean muga ezartzeko dauden zailtasunak, eta nola muga hori mugitzen ari den denboraren poderioz.