Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Errepidean

Gaztetxoa nintzenean, joan-etorri andana egin nuen autoz aitarekin, biok bakarrik. Bere ondoan eserita nagusi sentitzearekin batera, izugarri gozatzen nuen ibilgailua zer-nolako trebeziaz eta ziurtasunez maneiatzen zuen ikusiz. Familia osoa garraiatzen gintuenean ez bezala -aitak egiten zuen beti; amak aita egon ezean baino ez-, zer, noiz, nola, zertarako ukitzen zuen galdetzen nion, trafikoko seinaleen esanahia ikasten nuen... Renault 5 gorrian, Ford Orion zurian, Fiat Croma urdin ilun dotorean... Neuk 18 urte betetzeko presa horretarako eduki nuen: nahi nuen tokira autoa nik eramanda musika ahalik eta ozenen entzunez joan ahal izateko. Opel Corsa gorri txiki batekin lortu nuen, gaindiezineko gurasoen opari -sekula ez zait ahaztuko neba urte bi gazteagoaren ahoa zoruaren pare, biontzako zela esan baziguten ere-.

Amaren seme-alaba oro bezala, autoeskolara joan behar izan nuen, jakina, baina aurretik aitak erakutsi zizkidan oinarrizkoenak, eta berarekin egin nituen aurreneko saiakera eta ibilbidetxo urduriak. Nabari zitzaion gustura jarduten zuela makina menderatzeko jakin beharrekoak eta gidari bikainenen sekretuak alabari transmititzen. Horiekin batera, kontzentrazio, lasaitasun eta autokonfiantzaren ezinbestekotasuna ere barnerarazi zidan. Esaterako, kirioak dantzan jartzen zizkidan beste auto bat nire atzealdeari itsatsita etortzea, marra etengabea zela-eta neu ezin aurreratu ezinik ibiltzea eta behin eta berriz nabarmentzea. Aitak, patxadatsu aurrera begira, esan ohi zidan: «Zu zurera, ondo zoaz-eta; presa baldin badauka, lehenago ateratzea zeukan». Gidatzeko orduan, leziorik onenetakoa iruditzen zait, ez baita makala -beste gauza askotan lez- besteen presioaren eraginez egiten dugun ergelkeria-kopurua, geure kalterako beti.

Gauzak dezente aldatu dira garai hartatik (alkoholemiaren zaintza, segurtasunaren gaineko kultura oro har, gidabaimena bera, etab...); halere, beste zenbaitek tinko segitzen dute gure artean, esaterako, atzealdea miazkatuz datozkizun histerikoak; auto-ilara bete-betean klaxonari eragiteari uzten ez dioten babo astunak; eskuko hatz luzea erakusteko betarik galtzen ez duten harroputzak; errepidea balentriatzat jotzen dituztenak erakusteko baliatzen duten ganorabakoak; autoa zenbat eta handi eta garestiago, orduan eta errespetatuago sentitzen diren arazo psikologikodunak; eta, noski, emakumezko gidari guztien amaz gogoratzea biziki maite dutenak. Jarri diezue aurpegirik? Zenbat dira emakumezkoak? Zer pentsatua eragiten du, ezta?

Halere, argi eta garbi: gidari onak eta txarrak ez dauka generorik. Eduki badituena heziketa eta nortasun jakinak dira; norbere buruarekiko eta besteekiko begirunea, edo horren eza; gidatzeko ekintzaren xedea garbi horretara mugatzeko jakinduria, edo horren falta. Bolantea oratuta duela arreta, zuhurtasuna eta helmugara bizirik heltzeko nahia lehenestea epelkeria edo emetasunarekin nahasteko joerarik ez duenak nekez jasango du, bere erruz, bederen, istripurik. Gizonkeria, ordea, errepideaz elikatu da asko, eta luzaro-luzaroan, eta oraindik ere zail zaio zaharkitua dagoela onartzea.