Andoni ARABAOLAZA
ESKALADA | Peña Montañesa

«Piztu da piztia», ederra, zaila eta irizpide bikainekin zabaldutakoa

Peña Montañesaren hego aurpegian, Mikel Saez de Urabainek, Arkaitz Yurritak eta Eneko Cesarrek osatutako sokadak sei luzeko proposamena sortu berri du. «Piztu da piztia» marrak 8b/b+ graduko giltza du, eta oraindik luze guztiak askatu gabe daude.

Peña Montañesa eremu arras erakargarria dela inork ez du zalantzan jartzen. Dagoeneko, urte batzuk-batzuk pasa dira mendiaren pareta ezberdinetan bideak zabaldu zirenetik, eta lasai asko baiezta daiteke, eite horretan bilakaera bikaina izan duela. Azken urteotan makina bat marra sortu dira; gehienak, gainera, kutsu alpinokoak.

Hurrengo protagonistak ere Peña Montañesaren sarean erori dira, eta hirurek ala hirurek egin dute ekarpena. Hots, sormen lanari ekin diote. Mikel Saez de Urabain, Arkaitz Yurrita eta Eneko Cesar dira eskalatzaileen kolektiboari proposamen eder baino ederragoa eskaini diotenak. Berriki, eta lan eskerga egin ondoren, bide berri bat bukatu dute: «Piztu da piztia» (8b/b+, SR4). Hirukote honek ondo baino hobeto ezagutzen du Peña Montañesaren «erakusleihoa», eta ondo baino hobeto aprobetxatu dute dituen zirrikituak bide berri bat sortzeko. Mendiaren hego aurpegian jardun dute; gogor jardun ere. Cesarrek GARAri adierazi dionez, sortu berri duten proposamena aspalditik ikusita zuten: «Ireki berri dugun bidearen ondoan dauden beste marra batzuk eskalatu ditugu. Eta denborarekin, haien alboan zegoen balizko proposamen berri bat aztertu nuen. Jakina, zer edo zer interesgarria aterako zela argi ikusten zen. Berez, xede hau Unai Mendiarekin hitzartu nuen, baina, lan kontuak direla-eta, ezin izan dugu elkarrekin ezer egin. Ondoren, Arkaitzi proposatu nion sormen lan horretan sartzeko, eta baiezko erantzuna eman zidan».

Yurrita eta Cesar oso motibatuta zeudenez, iazko azaroan martxan jarri ziren. Aurretik zituzten zailtasun teknikoak ikusita eta behetik zabaldu dutenez, lan hori lasai hartu zuten, eta lehen egunean bi luze zabaldu zituzten. Ondoren, hain zuzen ere, hilabete honetan, bikoteari Saez de Urabain batu zaie, eta hiruren artean «Piztu da piztia»-ri forma eman diote. Beraz, guztira, sei luzeko marra hori egiteko hiru eguneko lana behar izan dute.

Bederen, krokisa eta emaitza ikusita, hirukote horren proposamenak oso erakargarria dirudi. Hori bai, zailtasun tekniko handia eta kutsu alpinoa duen bidea da. Eta, jakina, proposamen horri ekiteko sasoian behar da egon! Hitz gutxitan esanda, protagonistok oso irizpide bikainak erabili dituzte «Piztu da piztia» zabaltzeko orduan.

Guztira, sei luze marraztu dituzte: 8a, 7c, 7c, 8b/b+, 7c+ eta 7c. Bosgarren luzeari dagokionez, Cesarrek azaldu digu aldaketa bat izan dela: «Mikelek luze bat zabaldu zuen. Ona da, baina balizko marra ondo aztertuta nuenez, iruditu zitzaidan bosgarren luze horren ondo-ondoan beste aukera ederragoa zegoela. Ni sokaburu sartu nintzen, eta krokisean jarri dugun luzea sortu nuen. Duela bizpahiru aste izan zen hori. Rappelatu genuen, aukerak ondo begiratu eta nire asmoarekin jarraitu genuen. Bosgarren luze hori egin ondoren, oso gustura geratu nintzen».

Zailtasunean, iraunkorra

Aurreratu dugun bezala, iazko eta aurtengo azaroan jardun dute; hiru egunez. Eta, jakina, hego aurpegia denez, batez ere luzeak probatzeko eta eskalatzeko ondo etorri zaie. Bai, «Piztu da piztia» zaila da, oso zaila, eta hura eskalatzeko hotza behar da; betiere, ukipen ona izateko.

Arestian aipatu dugu hirukoteak zabaldu berri duen marra 7c zailtasunetik ez dela jaisten: hiru 7c, 7c+ bat, beste bat 8a-koa eta gogorrena 8b/b+ gradukoa. Irakurtzen den bezala, zailtasunean oso iraunkorra: «Hirurok iritzi bera dugu: «Piztu da piztia» oso-oso ona da. Arrokaren kalitateari dagokionez ere, bikaina da. Marraren ezaugarriei begiratuta, aurreratu behar dut oro har plaka bertikalak direla, helduleku txikiak ditu, eta beraz, oso teknikoa da. Hitz gutxitan esanda, bide horretan ondo baino hobeto mugitu behar zara. Kontuan hartu behar da ere, marraren giltzak 8b/b+ zailtasuna duela».

Horrekin guztiarekin, eta proposamen berria nola zabaldu duten ikusita, bada eskalatzaile gogor batzuentzat oso interesgarria izan daiteke. Hain zuzen ere, Cesarrek ere zabaltzeko erari benetako garrantzia eman dio: «Kutsu alpinoa eman nahi izan diogu, eta geure irizpideetan oinarrituta, txapa gutxi sartzen saiatu gara. Ez debaldeko arriskua emateko, baizik eta katxarreatzeko aukera ematen duelako. Adibidez, 7c+ graduko luzean soilik bi parabolt sartu ditugu. Baina, lasai egon zaitezte, arrokak aseguratzeko aukera handiak ematen ditu. `Saltsa' eman nahi izan diogu, eta plakak direnez, txapa horiek ez daude batere hurbil. SR4 gradua jarri diogu».

Zailtasun handia eta konpromisoa, binomio polita proposamen hau, «Piztu da piztia» probatu ahal izateko. Cesarrek aipatu digu, zabaltzeaz gain, bidea edo luze guztiak probatu dituztela, baina, momentuz, ezin izan dituztela guztiak kateatu: «Aitortu behar dizut zabaltzerako orduan lan eskerga egin dugula, eta horrek denbora asko kendu digu luze guztiak probatu ahal izateko. Horietako luze batzuk, bai, kateatu ditugu, baina ezin izan dugu lan guztia borobildu. Nik, adibidez, pauso guztiak era askean atera ditut, eta horregatik argi eta garbi daukat marra osoa librean atera eta kateatu daitekeela. Laugarren luze hori, giltza dena, berez kateatzea falta da. Hori dela-eta, eskalatzaileak animatzen ditugu «Piztu da piztia» proba dezatela. Gogorra da eta katxarreatu behar da, baina, oro har, ez dugu zalantzarik bide bikaina atera zaigula. Gu, bederen, pozarren gaude lortu dugun emaitzarekin. Ezagun batzuek dagoeneko proposamen honekin interesa agertu dute, eta seguru laster batean han ikusiko ditugula».

Horiexek dira, beraz, Saez de Urabainek, Yurritak eta Cesarrek amaitu berri duten lanaren nondik norakoak. Sei luzeko bide ederra, kalitatezkoa, oso gogorra eta irizpide onekin zabaldutakoa Peña Montañesaren hego aurpegian: «Piztu da piztia». Bide batez, txalotu behar da krokisaren egileak, Eli Azurmendik, eginiko lana; besteak beste, hirukote horren lana ilustrazio eder batekin borobildu duelako: «Askotan kosta egiten da krokis erakargarri bat egitea. Bere borondate onarekin, Eli eskaini zitzaigun hor duzuen krokisa egiteko. Eta gure uste apalean, iruditu zaigu oso polita geratu dela. Beraz, Eli, mila esker!».