Lander GARRO
Idazlea
49. Durangoko Azoka 2014

Kontrakoen kontra

Badugu euskaldunok, herri ukatu garen heinean, dena hankaz gora botatzeko joera kuriosoa. Lehengo egunean "Bertsolari" aldizkaria hartu nuen (aldizkari ona, portzierto), 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiari zegokion alea, eta harriduraz (akiduraz) irakurri nituen txapelketa bera auzitan jartzen zuten iritziak. Zeren eta bai, txapelketaz ari garen bakoitzean, telebistako debateetan bezala, aldekoak eta kontrakoak aurrez aurre jartzeko premia sentitzen dugu. "Berria" egunkarian ere, txapelketaren biharamunean, berdin egin zuten: alde eta kontra. Imajinatu euskal derbia San Mamesen, eta biharamunean, kirol orrietan, bi idazle futbol ligaren kontra mintzo. Ezingo genuke ulertu, ezta? Ba gaia kultura denean, behin eta berriz egiten dugu. Kolonizatuaren autobaieztapen neurotikoa lirudike. Eta da. Badakit txapelketarekiko kritikoak badaudela, eta errespetatzen ditut (batzuk), baina oso geurea da, badirenez, etengabe xaxatzen eta zirikatzen ibili beharra, bakan batzuk ez, baina izurritea balira bezala. Alegia, txapelketaren kontrako zinezko iritzi publiko handi bat balego bezala, eta ez, demagun, bi dozena (horiexek baitira, izatez). Hiperkritikoak omen gara. Gustuko dugu kritika. Eta haize ematen diogu kontran dabilenari. Baina ez dut uste hori egia osoa denik, edo horregatik jartzen ditugunik etengabe disidenteak lehen planoan. Gehiago da geure burua zuritu beharra, inork ez dezan esan disidentearekiko intoleranteak garenik. Niri, zer nahi duzue esatea, "Bertsolari" aldizkarian (monografiko horretan, esan nahi dut) txapelketaren kontrako iritziak irakurtzea tokiz kanpokoa iruditzen zait. Bueno, ba Durangoko gaira etorriz, berdin pentsatzen dut. Durango iritsi orduko irakurtzen ditugu, berez geureak, etxekoak diren komunikabide eta sare sozialetan, urtero-urtero, kontrako iritziak. Eta urtero hasi behar dugu, kontrakoak xaxatu ditugunez, kontrakoei arrapostu ematen. Eta eztabaida horiek guztiak, non, eta kultura orrietan sartzen ditugu, geure kultura orrietan gainera. Bada, nire ustez, horiek ez dira geure orrietan eztabaidatzeko gauzak, aparte baizik, kulturaz ora har ari garenean, sakon ari garenean, eta abar. Edo psikoanalistaren dibanean.

Arazoa, beharbada, kulturari buruz hitz egiteko zailtasunean datza. Edukiontziari ez, baizik eta edukiari erreparatzea. Zer da Durangon saltzen dena? Ba ote merezi duen zer edo zer? Zer eraman beharko luke erosleak otarrean etxera bueltan? Horiek dira, azoka batean, eztabaidarako arrazoi zentzuzkoenak. Ordiziako azokan, barazkien, eztiaren edota gaztaren kalitatea eta prezioa. Eta Durangokoan, berdin (edo antzera). Ezin ukatuko dugu kultura epaitzea gauza konplexua denik, baina saia gaitezke gutxi gorabeherako mapa bat eskaintzen jendeari. Horretarako daude adituak eta arituak.

Niri zaila egiten zait, parte naizen neurrian, urteroko uztaz aritzea. Lagunak eta lehiakideak dituk egileak. Eta beti da zaila batzuk aipatu eta besteak bazterrean uztea. Diodan errespetuagatik, Jose Luis Otamendi aipatu beharko nuke, poeta beteranoa, klase eta eskarmentu handikoa, bere liburuetan gauza interesgarriak esaten dituena, beti aurkikuntza poetiko ederrekin gainera. Aipatu beharko nuke, baita ere, Danele Sarriugarteren "Erraiak" idazle berri eta esperientzia gutxikoa, baina geure literaturari ahots ezberdin bat ekarri diona (gutxienez). Eta ezin aipatu gabe utzi, azkenik, Eider Rodriguezen lehen saiakera (bere 4. liburua), "Itsasoa da bide bakarra", oso gertuko dudalako eta badakidalako liburu oso interesgarria dela (eta ez Sarrionandiaz ari delako bakarrik!), hark idazten duen guzti-guztia (tira, gehiena) bezala. Goza itzazue!