Arbasoren 19. Euskal Denda, belaunaldi berriek sostengatua
Krisiaren kolpeen gainetik, berri on batekin dator aurtengo Arbasoren Euskal Denda, Durangoko Azokan egiten den hemeretzigarrena. Belaunaldi arteko segida nabarmendu nahi izan du Bernat Vidal presidenteak, «batzuetan gezurra dirudiena baina gertatzen dena». Bi kasu jarri ditu adibide bezala: Bea Unzueta eta Beñat Alberdi.
Lehena otarreak lantzen 75 urte baino gehiago daramatzan Juan Unzuetaren alaba da, «aita bezalaxe, oso ausarta», Vidalek agertu duenez. Otarregintza tradizionala berritzen dabil Bea eta, bertzeak bertze, ehungintzarekin uztartuz, motxila bereziak eta ordenagailu eramangarrientzako eta tabletentzako zorroak egin ditu. Beñatek, Iñaki Alberdiren semeak, sarri ikusezina den ofizio bat erakusten digu Euskal Dendan: makilagintza. Makilak erakusleihoetan ikusten ditugu, baina ez dakigu nondik datozen, zeinek eta nola egin dituen. Iñakik 20 urtetik gora daramatza azoka bat zapaldu gabe.
Okzitaniako artisauak
Arbasoko presidenteak azpimarratu duen bertze kontu bat herrialde gonbidatuarena izan da, Azokak bezala Euskal Dendak ere urtero kultura edo herri baten lanak ezagutarazten baititu. Aurten Okzitaniaren txanda da eta Val d'Aran-eko Bausen herri txikiko artisauak etorri dira Merkatu Plazara. Saski bat egiten ari den bitartean, Raquelek azaldu digunez, 40 biztanle baino ez ditu herriak eta bertako hiru artisau bildu dira gurean. Bea Unzuetarena bezala, berea ere ez da ohiko otarregintza tradizionala. «Naturako figurak egiten ditugu, material ugarirekin, denak guk basoan jasotakoak». Hiru lankide dira eta duela bost urte hasi zirenean egiten zutena bitxikeria bat baldin bazen, orain bete-betean sartuta daude.
«Ametsak gauzatu» leloa hartu du Arbasoren feriaren aurtengo edizioak, artisauek edozein gauza lor dezaketela eta bisitarien ametsak ere errealitate gustura bihurtuko lituzketela adierazi nahian. Karmele del Rioren eta Xabier Iturriotzen ametsa eta errealitatea da Zapatari. Tailer bana dute Iruñean eta Erason. Lehenengo lantegian zapata egiteko prozesua hasten du Del Riok eta bigarrenean lana bukatzen du Iturriotzek. Zapata erosoak eta, gure begiak testigu, koloretsuak egiten dituzte, egunero erabiltzekoak eta negurako egokiak, ez baitzaie urik sartzen.
«Guk egin eta guk saltzen dugu, ez dago bitartekaririk. Eta bezeroari prezio on bat ailegatzen zaio», adierazi du lehen ediziotik Durangoko hitzordura hutsik egin ez duen Del Riok.

1986: más secretos oficiales tras Zabalza y los GAL

Primer paso para garantizar el plurilingüismo en las instituciones

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7
