Jon LEUNDA
harri-jasotzea | Marka saiakera

Idoia Etxeberriak berriro ere aho zabalik utzi ditu denak

Oriotarrak 56 jasoaldi eman zizkion 100 kiloko kopari, bost minutuko bi saiotan.

gara-2014-12-08-Noticia

Idoia Etxeberriak berriro ere emakume batek inoiz egin ez duena egin zuen herenegun arratsaldean Mendaron. Bost minutuko bi txandatan 56 jasoaldi egin zituen 100 kiloko harri koparekin, eta marka handia utzi zuen gerorako ere.

Jende asko batu zen Mendaroko pilotalekuan Orioko harri-jasotzailea ikusteko asmoz. Bezperan Orion beste marka bat egina zuenez, zalantza batzuk ere bazeuden; izan ere, 24 orduren buruan bi marka egitea ez da txantxetako kontua, baina Etxeberriak helburua bikain bete ahal izan zuen.

Markarik ez zeukan harri honekin emakume batek denbora horretan. Gertuen zegoena Estitxu Almandoz zen, baina honek bost minutuko txanda bat egin eta 17 jasoaldi lortu zituen. Hori zen erreferentzia bakarra, baina erraz gainditu zuen Etxeberriak, lehen bost minutuan Almandozek baino hamar jasoaldi gehiago lortu baitzituen.

Lehendabiziko txanda bikaina izan zen eta bigarrengoa, berriz, are hobea, 29 aldiz berdindu baitzuen harria bizkarraren gainean, lehendabiziko txandan baino bi jasoaldi gehiago eginda. Guztira 56 jasoaldi lortu zituen oriotarrak.

Horrekin, erraz gainditzekoa izango ez den marka lortu zuen Idoia Etxeberriak. Une honetan bera eta Estitxu Almandoz besterik ez dabiltza, nahiz eta lehen aritutakoren bat itzuliko den zurrumurruak ere badauden. Etxeberriaren marka ikaragarria izan zen, eta beste behin ere aho zabalik utzi zuen jendea. Bi hilabeteren buruan hiru marka handi egin ditu, eta ez da azkena izango; izan ere, datorren urtarrilaren 17an Aian marka berri bat egiteko asmoa dauka. Zer nolako marka egingo duen erabaki gabe dauka, eta aste honetan egingo dituen entrenamenduen ostean erabakiko du nolako marka izango den eta zein harri erabiliko duen ere esango du.