Independentziaren onurak, oso agerikoak kirol mailan
Gaur egun, 21 dira modu ofizialean lehiatzen diren Kataluniako selekzioak. Bertako kirol talde nazionalen aldeko plataformaren arabera, estatu berri baten sorkuntzarekin, sektoreak 176 milioi euroko onura izango luke.

Orotara, 85 atleta kataluniarrek hartu zuten parte Londresen eta Sotxin burututako Olinpiar Jokoetan, Martin Lafourcade eskiatzailea eta Mireia Belmonte igerilaria izanik emaitzarik aipagarrienak lortu zituztenak. Gehienak Espainiako ordezkaritzarekin aritu ziren, baina beste batzuk Andorra, Frantzia -Lafourcade bera- edo Venezuelako elastikoarekin lehiatu ziren. Kirol Selekzio Ofizialen Aldeko Plataformaren aburuz, independentziarekin Olinpiar Jokoetan aritzeko eskubidea izango luketen atleta kataluniarren kopuruak nabarmen egingo luke gora.
Izan ere, joan den ekainaren 13an aurkeztutako azterlan baten arabera, estatu berri batekin, Kataluniako ordezkaritzak gutxienez 125 kirolari bilduko lituzke Olinpiar Jokoetan.
Lanaren arduradun nagusia Modest Guinjoan da, Barcelona Economia erakundeko zuzendaria. Berarekin batera, Borja Rovira ekonomialaria aritu zen. Txostenaren helburua independentziak kirol sektorean izango lukeen eragina aztertzea da.
Ikerketaren gakoa balio erantsi gordinaren (BAGd) analisia da. Hau da, sektore edo eremu zehatz bateko ekoizleek sortutako balio erantsiari erreparatzen dion jarduera makroekonomikoa. Horren arabera, egun Kataluniako kirolaren BAGd-aren balioa 2.394 milioi eurokoa da, baina independentzia lortuz gero kopuru horrek nabarmen egingo luke gora.
Aurreikuspen moderatuetan, 2.510 milioikoa izango litzateke. Aldiz, prebisiorik positiboenak 2.626 milioitan kokatzen du. Hau da, kasurik txarrenean ere, independentzia Kataluniako kirolarentzat ere onuragarria litzateke, urtero 175 milioi euro gehiago izango lituzkeelako, betiere lan honen arabera.
Selekzioen emaitza onak
Egun, 21 dira modu ofizialean nazioartean lehiatzen diren Kataluniako selekzioak eta gehienek emaitza bikainak eskuratu dituzte aurten. Horren adibide da, batzuk aipatzearren, bike trial edo beach tennis diziplinetan munduko txapelketa eskuratu izana.
Hockeyan ere, Hirugarren Mendeurreneko Kopa irabazi dute. Gogoratu behar da hockeyan Kataluniak nazioarteko aitortza ofiziala eskuratu zuela FIRS erakundean, kirol hau arautzen duen antolakunde nagusian. Baina Estatu espainoletik egindako presioek kataluniarren kanporatzea eragin zuten 2004an. Horiek horrela, nahiz eta San Jose hirian jokatutako munduko txapelketarako txartela pistan irabazi, lehiaketatik at geratu ziren.
Ez dira ofizialtasuna lortu duten selekzio bakarrak, korfballekoak -Nazioarteko Olinpiar Batzordeak aitortzen duen kirol batean modu ofizialean aritzen den lehen talde kataluniarra izaki-, futbol australiarra, dardoak, bowling, kickboxing, fisiokulturismoa edo raquetball bezalako modalitateetan ere kirolari kataluniarrak euren koloreekin aritzen dira nazioarteko txapelketetan.
Azken urteetan, bereziki jarraitzaile gehien dituzten kirol masiboetan, hainbat dira Kataluniako selekzioek jokatutako lagunarteko partidak. Futbolean, adibidez, Brasil, Argentina, Txile, Kolonbia edo Paraguai izan dituzte aurkari azken 15 urtetan, Euskal Herriaren kontra jokatu dituzten bi norgehiagokak ahaztu gabe. Saskibaloiaren kasuan, 16.000 ikusle baino gehiago bildu ziren Kataluniak eta Kroaziak Palau Sant Jordin egin zuten partida ikusteko. Eskubaloian, aldiz, Egipto, Tunisia, Brasil, Japonia edo Eslovenia izan dira kataluniarren arerioak.
Horrekin batera, gogoratu behar da, egun Kataluniak bizi duen testuinguru politikoan, hainbat izan direla kirol selekzioen ofizialtasunaren, erabakitzeko eskubidearen eta independentziaren alde publikoki azaldu diren kirolariak. Kasurik aipagarriena Pep Guardiolarena da jokalari gisa hasieran eta entrenatzaile bezala orain duen eraginagatik, baina ez da adibide bakarra. Berarekin batera, Gerard Lopez futbol hautatzaileak edo selekzioko kapitaina den Xavi Hernandezek ere berriki iritzi bera adierazi dute.
Zerrenda luzea da eta bertan Enric Masip eskubaloi jokalari mitikoa, Marc Gasol, Roger Grimau, Carme Lluveras, Helena Boada edo Jordi Villacampa saskibaloilariak ageri dira, baita Kirian Jornet mendi lasterkaria edota Gerard Pique, Martin Montoya, Sergi Roberto, Sergi Gomez, Bojan Krkic eta Raul Rodriguez futbolariak ere.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
