Jon LEUNDA
Aizkora | Apustua

Olasagastik gazteei aurre egin eta garaipenak pilatuz jarraitzen du

Igeldoko aizkolari beteranoa saio osoan Jon Rekondoren atzetik aritu zen, nahiz eta tartea oso txikia izan zen beti, eta azkeneko enborrean aurre hartu, eta bost segundoko aldearekin mendean hartu zuen, neurketa gogoangarri baten ostean.

Joxemari Olasagastik urte honetako bere hirugarren apustua ere irabazi egin zuen, eta saio gogoangarri baten ostean lortu zuen, gainera, ia neurketa osoan atzetik jardun ostean, amaieran bost segundo kendu zizkion Jon Rekondori.

Apustu bikaina, azken urte hauetako ederrena, eskaini zuten atzo igeldoarrak eta leitzarrak. Eguraldi oso petrala izan zen atzo goizean, haizea eta euria izan baitziren protagonista, baina 800 ikusle inguru batu ziren Tolosako zezen-plazan. Amaieran, denak gustura etxeratu ziren, ikusitakoa ederra izan baitzen.

Aizkolari bakoitzak 20 kana-erdiko ebaki behar izan zituen, eta denak Rekondok plazaratutakoak. Olasagastik Lazaro Erregearena eta Joseba Etxebeste izan zituen lagun, eta Lorentzo Apezetxea eta Iñaki Rekondo, Rekondok. Alde bakoitzak 8.000 euro jokatu zituen dirutan.

Lehen enborra Rekondok segundo bat aurretik bota zuen, baina bigarrengoan Olasagastik lau kendu zizkion. Hirugarrengoan, ordea, nafarrak 17 segundo atera zizkion gipuzkoarrari, eta lan erdiak arte aurretik joan zen. Olasagastik hortik eta lan erdiak arte eutsi egin zion ihes egin gabe, eta lehen zati honen amaieran aurka zuen aldea laburtu egin zuen, eta lan erdietan Rekondok bi segundo besterik ez zizkion kentzen. Dena erabakitzeke zegoen.

Ondorengo enborretan ere ez zen alderik egon, baina Olasagastik hamahirugarrenean aurre hartu zion, eta sei segundo aurretik bota zuen, eta hamalaugarrena, berriz, lau aurretik. Hamabosgarrenean, ordea, berriro ere Rekondo aitzineratu zen, eta azkeneko kana-erdikora 27 segundo aurretik sartu zen Jon Rekondo. Dena erabakita zirudien, baina ez zen horrela gertatu amaieran.

Jon Rekondok ustez egurrik zailena azkenerako utzi zuen, eta han adar handi bat atera zitzaion, eta Olasagastik ez zuen barkatu, lana bost segundo aurretik bukatu, eta urtea beste garaipen handi bezain eder batekin amaitu zuen.

Enborrez enbor hauek izan ziren Joxemari Olasagastiren denborak: 1.20, 3.06, 5.43, 8.08, 10.15, 12.37, 15.00, 17.37, 20.02, 22.19, 25.00, 27.33, 30.09, 32.46, 35.24, 38.08, 40.55, 43.47, 46.34 eta 48.52. Jon Rekondorenak, hauek izan ziren: 1.19, 3.10, 5.28, 7.40, 10.02, 12.27, 14.45, 17.17, 19.50, 22.17, 24.57, 27.26, 30.15, 32.50, 35.29, 38.04, 40.30, 43.19, 46.07 eta 48.57.

Olasagasti: «Burua hotz mantentzen jakin izan dut»

Olasagasti gizon zoriontsua zen neurketaren amaieran. «Enborrak ez ziren errazak, sei zuhaitz ezberdinetakoak ziren, baina burua hotz mantentzen jakin izan dut. Gehienetan atzetik aritu naiz, baina eutsi egin diot itsutu gabe, eta amaieran pasa egin dut», esan zuen.

Ia beti atzetik jardun arren, ez omen zuen inoiz etsi. «Ez da erraza beti atzetik aritzea, baina ez zidan ihes egiten, eta ez dut inoiz etsi. Banekien nire aukera izango nuela, eta izan dut», onartu zuen. Orain Arria izango du zain, baina ez dakiela zer egingo duen esan zuen. «Orain atseden apur bat ere hartu nahiko nuke. Hamar hilabeteren buruan hiru apustu irabazi eta marka handi bat egin ditut. Gipuzkoako Txapelketan bigarren amaitu nuen, eta Euskal Herrikoan hirugarren. Urte ederra izan da. Hala ere, nik Atutxari, Euskal Herriko txapeldunari, jokatuko nioke, baina erdi aukeran. Orain arte gazteekin abantaila handia emanez nabil, eta adin honekin ez dut uste legezkoa denik».

Jon Rekondo, aldiz, triste zegoen. Garaipena oso gertu izan zuen, baina ezin izan zuen irabazi. «Pena ematen du honela galtzea. Enborretan ez dut zorterik izan, adar handi bat atera zait azkeneko enborrean, baina egindakoarekin gustura nago, ustez lan ona egin dudalako. Berak ere horrela egin du, hori ere onartu beharra dago», esan zuen nafarrak.

Eskuak erabat odolduta amaitu zuen, zauriak atera baitzitzaizkion, baina hori ez omen zen aitzakia izan. «Hori ez da aitzakia. Ni ongi prestatuta etorri naiz, eta apustua ez dut zauriengatik galdu», esan zuen aizkolari leitzarrak. J.L.