Maider IANTZI
San Sebastian eguna

22.000 danbor hots, hiriko alde guztietan donostiarrak hipnotizatuz

Begirada edozein puntutara zuzendu eta beti agertzen zen danbor bat: zuhaitzetan, leiho eta balkoietan, gurasoen bizkar gainetan... 12.00etan puntu-puntuan haurrek «San Sebastian martxa» jo zutenean, okupatuta zeuden altuera guztiak, ikusmina itzela zen eta, oraingoan, jendea ez zegoen zerura so.

Zenbakiak berak adierazgarriak dira Donostiako danborrada deskribatzeko: orotara 22.000 danbor inguru hiriko auzoetan barna banatuta, 15.500 heldu eta 7.000 txiki inguru. Hauek izan ziren protagonista eguerdian, eta bereziki udaletxeko balkoira igo ziren lagunak: Olatz Cortes Easo Ederra, Zuriñe Brias eta Andrea Varela damak, Oihane Bolado danbor nagusia, Julen Santano jenerala eta Unai Ramos laguntzailea... Ondoan izan zituzten hainbat pertsonaia: Donostiako hiritarrak, batelariak, iñudeak, iruleak, urketariak eta palafrezainak. Eta The English School-eko umeak ere egon ziren balkoian. Eman zizkieten goxokiak hartzeko soilik askatu zuten danborra.

Behean, Alderdi Ederren, eguerdiko hamabiak jotzear, oraindik lekua hartu gabe zeudenak korrika jarri ziren postuan, urduri eta hunkituta.

Ez da harritzekoa, begira baitzituzten guraso, aiton-amona, izeba-osaba eta lagunak... Hein batean, hiri osoa. Eta zaldiz Hernani kalea zeharkatzean sentituko zutenak handia izan behar zutela pentsatu genuen mila bururen atzetik desfileari begira. Alderdi Eder parkean konpainiak osatu eta lehendabiziko pausoak eman zituztenean, ez zen altuerarik gelditzen libre, izan zaborrontzi, farola, banku edo zuhaitz.

Mila modutara

Eroso-eroso eseri zenik ere izan zen, lehenengo lerroetan jarritako aulkietan, batzuk arroparik dotoreenak soinean. Baina lagun, biloba edo seme-alabak ikusteko denetariko mugimenduak egiten zituztenak ziren deigarrienak: farola batera goititu zen kuadrilla gaztea, edo banku batean, bizkarralde gainera igota, aurrean zuen bikotea besarkatzen zuen gizon heldua. Kokapena berez arriskutsu samarra ez bazen, dantzan hasi zen Raimundo Sarriegiren doinuen erritmora, bankua bera dantzan jarriz. Halako xehetasunetan sumatzen zen donostiarrek nola bizi duten jai hau. Mila modutara, bakoitzak berera, baina sekulako ilusioz.

Balkoietan ere danborra jotzen ari ziren, desfilatzen ari zirenak agurtzeaz gain, eta aipagarria da aitatxi-amatxiengan sumatzen zen poza. Egun berezia pasatu zuten bilobekin jostatuz.

Jendetzaren artean, Ainhoa eta Amaia ama-alabek lagunak ikusteko txoko bat aurkitzea lortu zuten. Amaiak 9 urte ditu eta heldu den urtean aterako da jotzen. Ainhoak kontatu zuenez, bezperan familia eta lagunekin afaria egin zuten etxean eta, nahiz eta ez atera, danborra jo zuten denek gauerdian eta festa ederki ospatu zuten.

50 konpainiak banan-banan ateratzen joan ziren parketik, eta kaleetatik igaro ahala husten joan ziren espaloiak, senideak ikusi ondotik alde egiten baitzuten aunitzek. Jada lehen lerrotik ikus zitekeen desfilea lasai ederrean. 13.00etan oraindik ez ziren talde guztiak atera eta eskuak bero-bero izan arren, oinak hotz zituzten txikiek. Nekearen nekez, baten batek aho zabalka agurtu zituen ikusleak. Alderdi Ederretik abiatzen azkenak La Anunciatakoak izan ziren, balkoira igo ziren danborradako pertsonaiak ikastetxe honetakoak zirelako.

Exekutatuei loreak

Haurrak soilik ez, helduen 128 konpainia ibili ziren, 5.942 emakume eta 9.517 gizon, auzo guztietara jaia zabaltzen. Alde Zaharrera sartzean, arreta -eta poza- ematen zuten altxaldi frankistaren ondoren exekutatutako 400 donostiarren omenezko eskulturan jarritako lore txuri-urdinek, herrikideek gogoan dituzten seinale, zeresanik ez halako egun sinbolikoetan.

Edozein kaletara barneratzea nahikoa zen konpainiaren batekin gurutzatzeko. Animo oihuak egiten zituzten sukaldari, urketari eta soldaduek. Musikaz gain, jakina, ez zen falta jan-edanik taberna ugarietan.

Bitartean, Konstituzio plazan banan-banan emanaldiak eskaintzen ari ziren taldeak oholtzan, begi pila begira zutela, edo, hobeki erranda, belarri pila hipnotizatuta. Lotaratzean -batzuk kronika hau argitaratu eta geroago-, belarriek kontatuko diete donostiarrei egindako parrandaren berri.

Sukaldariz jositako ekitaldian jaso zuen Pedro Subijanak Urrezko Danborra

Hiru Michelin izar dituen Pedro Subijana sukaldariak Urrezko Danborra jaso zuen atzo lagunez inguratuta. Hitz ederrak eskaini zizkioten guztiek eta estimua diotela agerian gelditu zen. Donostiaren izen ona munduan zabaltzen duten donostiarrei banatzen zaien saria jaso aurretik bideo bat proiektatu zuten. Bertan ekitaldira gerturatu ziren lagunak agertzen ziren Subijanaren ibilbidea azalduz. «Ez zen erraza izan baina bizitzen ari ginen bizitza zen. Batzuek esaten ziguten tradizioarekin amaituko genuela, hiru egun iraungo genuela, baina beste batzuek babesa eskaini ziguten», zioen saridunak berak bideoan.

Kreatibitatea plateretara eraman zuen Subijanak beste sukaldari askorekin batera eta egun ezagutzen dugun goi mailako sukaldaritzaren lehen pausoak eman zituzten eta Basque Culinary Center-eko sustatzaileetako bat izan zen. Bere ibilbidean errekonozimendu ugari jaso ditu, tartean Igeldon duen Akelarre jatetxeak dituen hiru Michelin izarrak. Hala ere, Subijanaren emazteak, Ada Pinterrek, bideoan aipatu zuen Urrezko Danborra Nobel saria baino garrantzitsuagoa dela donostiar batentzat, «jaso dezakeen saririk handiena».

Bideoaren ostean Iñaki Gabilondo kazetariak hartu zuen hitza eta ezagutzen dutenek gehien nabarmentzen duten hitza aipatu zuen: umiltasuna. «Urrezko Danborra eman behar izan dizute danborrada zer den uler dezazun, beti lanean igaro izan duzulako eguna. Izotz-hausle bat zara bide berriak zabaltzen», azpimarratu zuen euskal sukaldaritza berriaren alde egindako lana goraipatuz.

Halako batean sukaldari talde handi bat propio prestatutako kanta bat abestuz gerturatu zen agertokira. Bertsoak bota zituzten eta Karlos Argiñanok, gainera, Jaimitoren txiste bat kontatu zuen. Sukaldarien artean zeuden Elena eta Joan Mari Arzak, Martin Berasategi, Hilario Arbelaitz, Juan Jose Castillo edo Ramon Roteta, beste askoren artean. Azken hori omendutakoarekin dantzatu zen agertokitik jaistean. Umorez jantzi zuten ekitaldia sukaldariek eta ondoren Juan Karlos Izagirre alkatearen txanda iritsi zen. Honek gogoratu zuen nola Igeldoko jaiak prestatzerakoan askotan joaten ziren mesede eske, eta sukaldariak beti besoak zabalik hartzen zituen.

Subijanak jada danborra eskuetan zuela, Jon Maya dantzariak agurra eskaini zion eta gero Ainhoa Arteta sopranoak «San Sebastian martxa» abestu zuen. Omenduak eskerrak eman zizkien guztiei, batez ere bere familiari eta Akelarre jatetxeko kideei, baita bere maisua izan zen Luis Irizarri ere. «Polita da jendea poztu dezakeen lanbide bat izatea. Besteengandik zerbait egin dezakezula pentsatzeak bihotza puzten dizu», esan zuen. Kontatu zuenez, kuadrillarekin eskaut talde bat osatu zuen eta utzi zieten txokoan sukalde bat prestatu zuen. Ez zuen uste hori bere ogibidea izan zitekeenik eta medikuntza ikasi behar zuen, lagun batek sukaldaritza ikastera animatu zuen arte. Erabakia hartu eta Madrilera joan zen. Ordutik handik hona ibili da sukaldaritzan berritzailea izaten saiatzen, eta duela 40 urte Akelarren hasi zen.

Nagore BELASTEGI