«Sanctuaire»: Txomin Iturbe Abasolo eta Gregoire Fortin, aurrez aurre
Olivier Masset-Depasseren «Sanctuaire» filma emango dute gaur Biarritzeko FIPA festibalean, Txomin Iturbe Abasolo eta Estatu frantseseko Justizia Ministerioko kontseilaria parez pare jartzen dituen fikzioa.

«Sanctuaire» filma izugarrizko arrakasta izaten ari da Biarritzen asteartean hasi zen FIPA festibalean. Joan den udan Ipar Euskal Herriko hainbat herritan grabatutako eszenek ikuslea 1980ko hamarkadan kokatzen dute. 1983. eta 1986. urteen artean izandako egoera kontatzen du lanak.
Kazeta.eus-en adierazi dutenaren arabera euskal gatazkaren haritik urte horietan izan ziren benetako gertakariak oinarritzat hartuta, Olivier Masset-Depasse zuzendariak fikzio bat eraiki du.
Filmak hiru pertsona ditu ardatz: Txomin Iturbe Abasolo eta Yoyes ETAko kideak, eta Gregoire Fortin, Robert Badinter Justizia ministroaren kontseilaria. Garai hartan Ipar Euskal Herrira bidalia zuten, ETAren eta Estatu espainolaren artean bitartekaritza lanak egitera.
Filmean Hendaia, Uztaritze, Itsasu edo Baionako paisaiak ikusten dira. Horrez gainera, filmean euskal parte-hartzea ere izan da. Gidoigile lanetan Xabi Molia idazle eta film egile baionarra ibili da eta antzezle taldearen barnean hainbat euskal herritar, Josean Bengoetxea adibidez.
«Sanctuaire» filmak bake-prozesu saiakeraren gibelean egin zena erakutsi nahi du; justiziaren bilaketan zein diren jokoan ezartzen diren balioak. Norberaren sinismenak zeintzuk diren eta bakoitza zer egiteko prest den horiek lortzeko.
«Ez da ETAz egin filma»
Olivier Masset-Depasse zuzendariak azaldu duenaren arabera, «errealitatean oinarritutako fikzioa» da, «ez da ETAz egin film bat. Filma Frantziaren ikuspegitik egina da. Frantziaz ari da. Frantzia Espainiaren parean. Frantzia ETAren parean».
«Hasiera batean iraultzaile nazionalista zen talde baten aldaketa prozesua azaldu nahi izan dut terrorismora aldatzen dena», adierazi du. «1982tik, sozialisten trantsizio garaitik, lerratze bat dago. Nik ez diot hori espainol baten ikuspegitik, Frantziako Estatuaren ikuspegitik diot». Eta, horrez gain, «politikoki zein konplexua den bi pertsona elkartzea, hitz egin dezaten. Izan daitezkeen eragozpen guztiak».
Filma Canal+ telebista katearentzat ekoitzia izan da eta FIPAko Biarritzeko festibalean lehiatuko da fikzioen atalaren barnean. Gaur emango dute azkenekoz, 09.30ean Royal gelan.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
