Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Heren asaldagarria

Hiru gaztetik batek onargarria deritzo bikotekidearen kontrola jasateari (ez nago ziur gazte horrek «jasan» esango lukeen). Estatistikaz jositako kontuak, azkenean, erabat inpertsonalak iruditu ohi zaizkigu, jasotzen dutena -hezur-haragizko norbanakoak- irreala edo urruna, behinik behin, balitz bezala: gurekin inolako zerikusirik gabea. Alderantziz, baina, gu lako buru-bihotzdunak izaten dira horien atzean, nor bere nortasunaz, sentimenduez eta bulkadez.

Badirudi gazteen bulkada, genero-indarkeriaren aurrean, epeltasuna dela. Badirudi, halaber, neska-mutil gehiegik normaltasun osoz bizi dutela iraintzea eta iraindua izatea, kontrola ezartzea eta kontrolatuta egotea, jeloskorra izatea eta jeloskorraren hesi mugatzaile zorrotzak pairatzea, eta, areago, balioestea... Agidanez, egungo gazteek (Espainiako Estatuko 15-30 urte bitartekoen %33k!) permisibitate-maila handiagoa dute emakumeen kontrako bortxakeriari dagokionez; tratu txar fisiko muturreko eta nabarmena alde batera utzita, omen. Nola liteke? Hain matxistak eta sarkorrak jarraitzen dute izaten kanpotik (hedabideetatik, publizitatetik, filmetatik, etab.) jasotzen dituzten mezuak? Bestela, hain ahulak dira edo hain dituzte deserroturik erakutsi zaizkien balioak, berdintasuna, begirunea eta enpatia, besteak beste? Edo hirutik bat horrek ez ditu jaso, ez da horietan hezia hazi, edo entzundako esanen eta ikusitako eginen arteko hautuan boteredunaren eta «garailearen» lekua aukeratu du.

Burura etortzen zait nerabeei eskolak ematen nizkienean sarri baliatu ohi nuen jarduera bat. Egoera bat planteatuta (protagonistak ziren seko maitemindutako neska-mutil bikotea, gizonezko langilea, gizonezko dirudun lizuna eta mutilaren lagun mina, mutila era berean), gazteek jokabideak baloratu eta zerrendatu behar zituzten, gaitzesgarrienetik onargarrienera. Euskara praktikatze aldera eztabaida parte-hartzaileak eragiteko tresna ezin hobea zela alde batera utzita, zeharo etsita ateratzen nintzen ikasgelatik: askok, neska zein mutilek, emakumezko bikotekidea jartzen zuten lehen postuan. Horretarako ematen zituzten argudioen artean nagusitzen zen neska «urdanga hutsa zela, fideltasunari eusteko gaitasunik ezagatik». Kontuan hartuta istorioko neskatilaren ekintzaren xedea maitearekin egon ahal izatea zela, zur eta lur uzten ninduten argudiook, pentsatzearekin batera zergatik ez nion aditzen inori harrigarria edo zalantzagarria -sikiera- begitantzen zitzaiola neskaren arazorik eza bere duintasunari amodioagatik uko egiteko.

Hasierako datua jasotzen duen azterketaren harira, Espainiako Estatuko Osasun Ministerioak iragarri du bi kanpaina berri abiaraziko dituela aurten, «eragiten dutelako, azkenekoak argi eta garbi frogatu bezala». Hala bada, ez dezatela artazirik sar eta egin ditzatela, han eta hemen, behar beste kanpaina; eman diezaietela ahalik eta oihartzun zabalena... badirudielako gazteen artean ohikoegia dela oraindik ere bortizkeria suabea eta gogorra bereiztea, «kontrolatzen nau, beraz, maite nau» sineskeriari eustea eta horren guztiaren subjektu hartzaile naturaltzat emakumeak jotzea. Herenak, izugarria.