J.L.
Aizkora

Erabakigarria izan da 60 ontzakoa

Senosiain II.ak eta Resanok irabazi zuten atzo Kaxtresanan jokatu zen Urrezko Aizkorako Bigarren Mailako saioa. Hasiera batean hiru bikote ziren lehiatzekoak, baina Toledano eta Trilla ez ziren agertu, eta bi izan ziren lanean aritu zirenak, azken hau gaixorik baitzegoen, eta hurrengo faserako hirugarren amaituta bezala geratuko dira Gaztela eta Leongoak

Bost lan ezberdin izan zituzten lanerako, eta oso saio polita izan zen, bukaeran minutu erdi pasako tartea baino ez zen egon.

45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu lehiatu ziren aurreneko lanean, eta 64an amaitu zuten Zubiagak eta Kintanak, eta bat gehiago behar izan zuten Resanok eta Senosiainek.

Bigarrenean, tamaina bereko enborrarekin lehiatu ziren, baina oraingoan erlojuz kontra. Minutu eta 21 segundo behar izan zituzten Senosiainek eta Resanok eta minutu eta 58 segundo, aldiz, Zubiagak eta Kintanak.

Hirugarrengo ekinaldian ere 45 ontzakoa izan zuten aurrean, baina oraingoan zutik jarrita, eta hor aurka zuten aldea asko murriztu zuten Zubiagak eta Kintanak, lana minutu eta 39 segundoan burutu baitzuten, eta Senosiainek eta Resanok, aldiz, minutu eta 57 segundoan.

Laugarren saioan, 60 ontzakoarekin neurtu ziren, zeinek azkarrago moztu, eta hor ia erabakita utzi zuten saioa Senosiainek eta Resanok, 2 minutu eta 48 segundoan erdibitu baitzuten 60 ontzakoa; eta bikote arabarrak, berriz, 3 minutu eta 20 segundo behar izan zituen, eurena bukatu ahal izateko.

Lan bakar bat falta zen dena bukatzeko, eta hor lau kana-erdiko ebaki behar zituzten. Iraupen proba zen, eta saio horretara 50 segundoko abantailarekin sartu ziren aizkolari nafarrak.

Beraz, dena alde zuten, baina iraupen proban dezente sufritu behar izan zuten. Kintana eta Zubiaga indartsu agertu ziren, saioa irauli nahian, eta abantaila hartu zuten, eta horrelaxe aritu ziren saio osoan zehar, eta emozioa jarri zuten, baina alde handiegia aurka zutela sartu ziren azkeneko ekinaldira, eta hori ordaindu egin zuten, nahiz eta azkeneko saio hau arabarrek irabazi zuten. 9 minutu eta 6 segundo behar izan zuten lan hau burutzeko, eta 9 minutu eta 15 segundo, nafarrek.

Lan guztiak amaitzeko, 16 minutu eta 31 segundo behar izan zituzten Aitor Senosiainek eta Iban Resanok, eta 17 minutu eta 17 segundo, aldiz, Jose Angel Zubiagak eta Iñaki Kintanak.

Apusturik ez

Iñaki Azurmendik apusturako deia egina zuen. Ostiralean zain egon zen Tolosako Kantabriko tabernan, edozeini bota zion. Bera aukera ezberdinak aztertzeko ere prest omen zegoen, baina inor ez zitzaion agertu, eta apusturik egin gabe etxeratu behar izan zuen. Orain, ikusi beharko da ea beste norbaitek botatzen dion desafioren bat edo berriro ere apusturik jokatu gabe geratu beharko duen Arriarangoak aurten ere.

Urte honetarako lau desafio egon dira, baina bi bakarrik gauzatu dira. Martxoan Joseba Otaegi eta Arria V.a neurtuko dira, eta ekainean, berriz, Etxaburua eta Astondoa lehiatuko dira, bai segan eta bai aizkoran.

Bestetik, Joxemari Olasagasti eta Aitzol Atutxa ere saiatu ziren aizkora apusturen bat egiten, baina ez ziren ados jarri, eta oraingoz ez dute ezer egingo, eta orain Iñaki Azurmendi geratu da apustua egin ezinik.