J.L.
Aizkora

Tolosako apusturako dirua parean jarri da

Xabier Orbegozo Arria V.ak eta Otaegik bihar eguerdian Tolosako zezen-plazan jokatuko duten aizkora apustua ikusteko gero eta ikusmin handiagoa dago. Sarrerak abiada handian saltzen ari direla adierazi zuen atzo Tomas Armendarizek, Kantabriko tabernako ugazabak.

Gazte jendea ari omen da sarrerak erosten, eta aurreko eskariak ere asko ugaritu dira. Hortaz, ikusle kopuru bikaina aurreikusten da. Sarrerak aurrez erosi edota gorde ere egin daitezke, baina egunean bertan zezen-plazako leihatiletan ere egongo dira salgai, 35 euroren truke, apustua hasi aurretik.

Dirua jokatzen ere jende asko ari da, eta kasu honetan ere gazte jende asko. Hasiera batean, apustuek Arriaren aldeko joera izan baldin bazuen ere, Armendarizen esanetan, azkeneko egun hauetan berdindu egin da.

«Bi aizkolariek aitortu dute oso ongi daudela, eta ikusita lana bien gustukoa dela, biak oso ongi moldatzen direla lan horretan, jendeak oraindik ez dauka emaitza garbi, eta horregatik pare-parean dabil dirua, eta uste dut igande goizean ere horrela izango dela», aitortu zuen Tomasek.

Aizkolariek hogeina kana-erdiko erdibitu beharko dituzte, eta enborrak plazara erdi bana eraman beharko dituzte. 12.000 euro egongo dira jokoan, eta hau izango da urte honetako aurreneko aizkora apustua.

Sokatira

Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketa amaitzear dago, gaur bertan jokatuko baita azkeneko jardunaldia Ibarrako kiroldegian, 17.00etan, eta 600eko mistoen saioa izango da. Talde bakoitzean lau mutil eta lau neska izan beharko dira.

Ibarra, Gaztedi A, Gaztedi B, Sokarrola-Bizindar eta Berriozar lehiatuko dira. Ibarra etxean arituko da eta beraiek izango dira faboritoak. Gaztedi izan daiteke gipuzkoarren aurkaririk gogorrena.