17/03/2015

Ibarrari irabazi, eta Gaztedik eraman du denboraldiko azkeneko txapela
Jon LEUNDA

Gaztedik irabazi zuen Euskal Herriko Goma gaineko Txapelketako azkeneko txapela. Ibarran jokatu zen amaierako saioa 600eko mistoan, eta bizkaitarrek ez zuten barkatu.

Ibarra zen faboritoa, etxean aritzen zen, gainera, baina azkenean bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Gaztedi bi talderekin kantxaratu zen, eta A taldea izan zen nagusi. Hasi aurretik txapela bien artean egongo zela zirudien, eta horrelaxe izan zen.

Gaztedik bere bigarren taldeari irabazi zion, eta baita Bizindar-Sokarrolari ere, eta dena Ibarraren aurkakoan erabaki behar izan zuen. Azkenean, tade bizkaitarrak eraman zuen saioa, baita irabazlearen txapela ere.

Bigarren postuan amaitu zuen Ibarrak, Gaztedirekin galdu, eta gainerako guztiak mendean hartuta, eta podiuma Gaztediren bigarren taldeak osatu zuen, Sokarrola-Bizindarri irabazita. Honekin amaitu da aurtengo goma gainekoa, eta udaberriarekin batera iritsiko da lur gaineko txapelketa ere.

Balantzea egiterakoan, aurten txapelak inoiz baino talde gehiagorentzat izan dira. Ibarra izan da gehien eraman dituena, guztira hiru jantzi ditu. Mutiletan bat eta nesketan bi, emakumezkoen mailako biak joan dira Gipuzkoara.

Ezpeletako Ñapurrak taldeak bi eraman ditu, eta lapurtarrak izan dira mutiletan onenak. Abadiñok, berriz, bat. Eta azkena Gaztedik, maila mistoan, talde bakoitzean lau neska eta lau mutil zirela.