Maider IANTZI
KORRIKA 19

Egurrak egurrari pasatu dio mezua, eta pozez kargatu da Donostia

Bete-betea dator Korrikaren laugarren eguneko kronika ere. Albaolan ernatu eta Legorretan gauerdia jo arte, mila bitxikeria gertatu dira. Eguna argitzean, egurrak egurrari pasatu dio mezua, Jon Maia bertsolariak eta ideiaren sustatzaileak azaldu bezala, Pasai San Pedroko itsasbazterreko paraje berezia testigu. Hala, herri honen bi ordezkari handik, Albaolak eta Korrikak, aurrez aurre topo egin dute. Donostian, auzo guztiak pozez eta jendez bete dira, kostaldeko herriak, Urola ertzak, Tolosaldea eta Goierri bezala.

La cuarta etapa de Korrika nos dejó otra estampa preciosa. El testigo tuvo el privilegio de cruzar las aguas que separan Pasai Donibane con San Pedro en una barca motora. Pero hay más, porque el trayecto llevó a varios participantes de la carrera de AEK hasta el interior de Albaola, la Factoría Marítima Vasca, donde pudieron recorrer sus interiores y pasar por al lado del histórico ballenero «San Juan».

Egur eta itsaso usainak ernatu dute Korrika, nahiz eta, egia erran, lasterketa ez den behin ere lokartzen hamaika egunez. Pasai Donibanetik San Pedrora txalupan pasa -motordunean, ez arraun eginez, denbora aitzinatzeagatik, batez ere-, eta Albaola itsas kultur faktoriaren barrenetik itzulia egin du AEKren lasterketak, «San Joan» baleontziaren ondotik.

Handik, Donostiarako bidea hartu du. Benetan jendetsua eta hunkigarria izan da auzo guztietatik igarotzea: Altza, Egia, Loiola, Loiolako Erriberak, Txomin Enea, Martutene... Azken hauetan, berriki uholdeek hartutako karrikak Korrikak goxatu ditu. Sobera ederrak diren haur ttikietatik hasi eta nagusietaraino, denak ibili dira lekukoa gidatzen.

Indar ezberdinen nahia

Amarako txaloen laztana jaso eta Anoetako estadioa agurtu dute, Realaz galdetuz. Geroago, futbol taldeko jokalariek hartu dute euskararen aldeko mezua. Kolore ugaritako instituzioetako ordezkari eta politikariek ere bai, EAJtik hasi eta EH Bilduraino, PSE barne. Udaletxera iristean, udal taldeak egin du bere kilometroa, Juan Karlos Izagirre alkatea buru, eta Foru Aldundiko eta Batzar Nagusietako ordezkariek ere osatu dituzte eurenak. Sindikatuek elkarrekin heldu diote testiguari.

Fleming-i eskainitako monumentutik Antiguako tuneleraino egin du laster Lohitzune Txarola Batzar Nagusietako presidenteak. Adierazi duenez, musikak eta oihuek aurrera eraman dute. Goizean goiz, bere herrian, Hondarribian, ere ibili da, semearekin batera, eta «emozioa sekulakoa» izan da. Halaxe izan da euskara munduan zehar zabaltzen duen Etxepare Institutuko zuzendari Aizpea Goenagarentzat ere, testigua hartu aitzinetik jada saltoka eta imintzioka ari zena.

Ama batek umea besoetan zuela lekukoa eramanez osatu duen kilometro bereziaren ondotik, etxafuego artean sartu dira korrikalariak Alde Zaharrean, bi furgonetak kanpoan zain zituztela. Kale estuetan goiti eta beheiti, hagitz intentsoak izan dira pausoak. Arraunlariek arkua egin diete, Piratek animazioa jarri, presoen lagunak ibili dira korrika... Argazki ederra osatu dute denen artean.

Donostiatik, Lasarte-Oriara. Bertan, bertzeak bertze, Uribe familiak bete du 726. kilometroa, zendutako semearen omenez. Orain dela 25 urte hil zitzaien Imanol, eta urteurrena oroitzeko eskela argitaratu beharrean kilometroa eskaini nahi izan diote, bere nahia hori izanen zelakoan. «Berak oso gustukoak zituen Korrika eta AEK; beti egin izan dut zerbait beragatik, inori ezer esan gabe... Aurrez beste bi kilometro ere erosi nituen Imanolen izenean, halako gauzen bitartez gogoratzen dut nik semea», adierazi zion Pepi Arregi amak «Txintxarri» bertako aldizkariari.

Tolosan, 23.00 aldera, Aitziber Sarasolaren etxekoek hartu dute kilometroa. Joan den abenduaren 22an hil zen AEK-ko irakasle eta kidea, eta bere omenez egin dute korrika bere sorterrian. Azken urteetan parlamentaria izan da Nafarroan, baina urte luzez jardun zen AEKn.

Elkarri txaloka

Arratsaldean Lasarte-Oriatik atera, eta Usurbil, Orio, Zarautz... energia positiboz betetzen segitu du martxak, pozez elikatzen. Aipatutako azken herrian, jendez bete dira plaza eta espaloiak, atzerapen pixka batekin datorren lasterketari gogotsu itxaroten. Musika Plazan dira Putzuzulo gaztetxearen inguruko hainbat eragile eta elkarte, Sorginak feministak, Arraio irratia, EHE... Oraindik ez dute erabakia zeinek eramanen duen mezua eta GARArekin solasean ari dela jakinarazi diote Patxi Gabilondo gazteari bera hautatu dutela. Ezuste polita hartu du!

Getariarako bidean, olatuak ere sartu dira lasterkarien artean, itsasoa ere aztoratuta baitago. Herrian, txarangak eta alaitasun bete batek hartu ditu; Zumaian, joaldun eta agur beroek... Hala egiten du aitzinera Korrikak, lasterkariek eta animatzaileek elkarri poza kargatuz.