Jon LEUNDA
PILOTA | Berezkoen Binakako Txapelketa

Etxeberri eta Ducassou, lehen faseko onenak

Bikote lapurtarrak amaitu du bere jarduna, eta azkeneko jardunaldian zain egongo da, finalerdietan aurrean zeintzuk izango dituen jakiteko.

Etxeberrik eta Ducassouk lortu zuten atzo matematikoki lehen fase honetako aurreneko postua, eta eurek azkeneko jardunaldian partidarik izango ez duten arren, gertatzen dena gertatzen dela, aurrenengo amaituko dute. Gainera, beste lau bikoteek ere izango dituzte hurrengo fasean izateko aukerak, baina hori datorren asteburuko jardunaldian erabaki beharko da.

Atzoko partidak lehen zatian bakarrik izan zuen emozioa. Hortik aurrera Etxeberri eta Ducassou jaun eta jabe izan baitziren. Amaieran 40-27 hartu zituzten mendean Lanbert eta Harizmendi. Lehen hamabost kintzeetan berdinketa ugari izan zen, baina ondoren 21-16 ihes egin zuten irabazleek, eta bazirudien neurketa hor apurtu zela, baina Lanbertek eta Harizmendik erreakzionatu, eta neurketa berdindu egin zuten.

Hurrengo tantoetan ere berdintasuna izan zen nagusi, eta emozioak azkenera arte iraungo zuela zirudienean, 27-27 berdinduta egotetik, Etxeberri eta Ducassouk, zuzenean azkeneko tantora joan, eta norgehiagoka erabakita utzi zuten.

Partidak 71 minutu iraun zituen. Saketik zazpi tanto egin zituen Etxeberrik, eta bost, Lanbertek, baina tartean falta bat ere egin zuen. Jokoan irabazleek 18 kintze egin zituzten, eta 15 galdu, eta Lanbertek eta Harizmendik 15 egin zituzten, eta galdu, berriz, zazpi. Markagailua honela mugitu zen: 5-0, 8-8, 11-11, 12-12, 15-15, 16-16, 21-16, 27-27 eta 40-27.

Bigarren Mailakoan, Goikoetxeak eta Palomesek 40-17 hartu zituzten mendean Elgart eta Lamour. Partida honek ez zuen kontatzeko askorik izan, jokoan alde handia egon baitzen. Banako berdinketaren ostean, irabazleek sekulako abiada hartu zuten.

Norgehiagokak 42 minutu besterik ez zituen iraun, eta saketik 12 tanto egin zituen Palomesek, partidako pilotaririk onenak, eta lau besterik ez Elgartek. Jokoan irabazleek 15 kintze egin zituzten, eta galdu, berriz, zazpi. Galtzaileek jokoan sei tanto egin ahal izan zituzten, eta galdu, berriz, 13. Partida honetako markagailua honela mugitu zen: 1-0, 1-1, 10-3, 14-5, 23-10, 22-13, 39-17 eta 40-17.