Jubilatu aleman baten «karikatura groteskoa» egin du Karlos Linazasorok
“Dusseldorfeko txibatoa” izeneko nobela argitaratu berri du Karlos Linazasorok Erein argitaletxearekin. Karl du protagonista; Estatu espainiarreko hegoaldera bizitzera joan berri den jubilatu alemana da, baina «izaera kartesiarra» berarekin eraman du eta salaketa absurdoak jartzen ibiltzen da.

Ironiaz jositako nobela dakar Karlos Linazasorok oraingoan ere. “Dusseldorfeko txibatoa” lan berrian, Karl protagonistaren eskutik, jubilatu aleman baten «karikatura groteskoa» egin du. Estatu espainoleko hegoaldera bizitzera joan denean, bertan finkatutakoa Alemaniako ideia eta bizimoduarekin bat ez datorrenez, legearen betearazle lanetan ibiltzen da, salaketak jartzen.
Atzo aurkeztu zuten Donostian Karlos Linazasorok eta Inazio Mujika Iraola editoreak. Mujikak esan zuenez, «esperimentuaren eta parodiaren arteko nahasketa» honek irakurleari barrea eragingo dio, baina «aldi berean ispilua jartzen digu aurrean, gu ez ote garen salaketak egiten dituen Karl hori».
Eguneroko kontuek sortzen dute protagonistaren infernua: kaleetako auto gaizki aparkatuek, parkeko iturri kutsatuek, manifestazio zaratatsuek eta auzokideen utzikeriak, besteak beste. Editoreak laburbildu zuenez, «bere bizitza ‘reality show’ eta fartsa baten artekoa da. Kexaz betea eta errepikakorra da bera, bere burua gurpil zoro bat da».
Karlos Linazasorok berak azaldu zuenez, Karl «putakume» bat da, «argi eta garbi esateko». Faxista, misoginoa eta arrazista da, baina beste alde batetik «tipo jantzia» ere bai. Asko irakurtzen du eta, literatura irakasle izandakoa denez, filosofiaz eta literaturaz aritzen da Linazasoro liburuko orrialdeetan.
Karl izena badu ere, «ez dut uste nire antzik daukanik», argitu du Karlos Linazasoro. «Baina auskalo», gaineratu du «agian gu guztion antza dauka». Batzuetan bere protagonistak gauzak «urrunegi» eramaten dituela azaldu du idazleak; «axolagabekeria eta zikinkeria ezin ditu bere buruan onartu eta polizia lana egiten hasten da, baina gauzak urrunegi eramango ditu eta bizilagunen mehatxuak jasoko ditu, eta alkateak lasaitu egin behar dela esaten dio».
Lehen pertsonan idatzita dago alemanaren ahotik kontatuta, eta, kapitulu bakoitzean egitekoren bat burutzen duenez, irakurtzeko «oso erraza eta gazte zein helduentzat» aproposa da, idazlearen ustez. Kapituluak laburrak dira, esaldiak motzak, elkarrizketa asko dago eta «gidoi baten itxura» dauka.
ERREALITATEA
Linazasororen helburuetako bat eleberri honekin errealitateak fikzioa gainditzen duela frogatzea izan da. Aurkezpenean jakinarazi zuen benetan gertatutako istorio batean oinarritu dela Karli bizitza emateko, egunkari-txatal batetik abiatuta, zehazki; jubilatu ondorengo sei urteetan bere herrian 30.000 salaketa jarri zituen gizon baten berri ematen zuen. «Sekulako kaosa sortu zuen, ezin zituztelako guztiak kudeatu», gaineratu zuen Linazasorok.
Oraingo honetan helduentzako eleberria aukeratu du, baina haurrentzako eta gazteentzako liburuak, poesia, antzerkia, ipuinak eta beste nobela batzuk idatzi izan ditu filosofian lizentziadun Karlos Linazasoro tolosarrak; besteak beste, “Oihan txiki baina txukun batean”, “Bota gorriak” eta “Itoko dira berriak” lanen egilea da.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
