GAUR8

Artium Museoaren hezkuntza-programako jardueretan parte hartzeko izen ematea zabaldu dute

Arte garaikidea baliabide pedagogiko gisa baliatzea eta ikasleak hartara gerturatzea helburu nagusi dituen Artiumen hezkuntza-proiektuak adin, ikuspegi eta interes ezberdinei begirako jarduera sorta jarri du abian.

Aritumek hartzen duen «Etorkizuna proiektatuz» erakusketaren baitan ikus daitekeen ikasleen maketetako bat, irudian.
Aritumek hartzen duen «Etorkizuna proiektatuz» erakusketaren baitan ikus daitekeen ikasleen maketetako bat, irudian. (Anton Bilbao Ruiz|Artium)

Artium Museoak ikasturte berriko eskolarako programetan izena emateko aukera zabaldu du. Eskaintzak ardatz ezberdinak ditu: irakasleen prestakuntza, eskolaz kanpoko jarduerak, familientzako lantegiak, lorategiko jarduerak, gizarte-programak eta bisitarien arreta...

Museoa dibertsitatea oinarri duen eskola gisa ulertzea dago urrian hasiko diren programa horien atzean, bi helburu nagusirekin: publikoaren esperientzia aberastea eta eskola-curriculumak hedatzea.

Museoa «esparru eta bizitzako une guztietan prestakuntza-prozesuak zabaltzea ahalbidetzen duen tresna gisa ulertzen du hezkuntza-proiektuak», azaldu dute ohar batean.

Zehaztu dutenez, eskola komunitatearen maila guztiei begirako jarduerak daude, Lehen Hezkuntzatik unibertsitatera arte.

«Arte garaikidea baliabide pedagogiko gisa hartu eta ikasleei hartara hurbiltzeko gakoak» eskaintzea bilatzen du gustu eta interes ezberdinentzako bideez osatutako ibilbideak.

Publiko guztientzako programen atalean, adibidez, Extra-Loturak proposamena da eskaintzen denetako bat. Ekimenari esker astean bi arratsaldetan lantegiak egingo dituzte, museoa ikertzeko eta «askotariko material, teknika eta disziplenekin esperimentatzeko».

Asteburuko eskaintzaren barruan, jolasaren eta esperimentazioaren bidez artera hurbiltzea helburu duen “Mini Artium” dago, hiru eta bost urte bitarteko haurrei zuzenduta.

Bestalde, artera gerturatzearekin batera ingelesa praktikatzea proposatzen duen “Good Morning Artium” eskaintzen du museoak, sei eta hamabi urte arteko neska-mutilentzat.

Lorategiko bisita gidatuen ondoan, zenbait talderekin lankidetzan burutzen diren gizarte-programak eskaintzen ditu Artiumek.

Maketak eta kode bisualak, ikusgai

Hezkuntza munduarekin lotuta, “Etorkizuna proiektatuz” erakusketa egongo da ikusgai Artiumen urtarrilaren 9ra arte.

Lakuako Gobernuak eta Gasteizko Udalak bultzatzen duten Magnet-Erakarri programaren barruan, museoa eta Barrutia ikastolaren lankidetza proiektuaren emaitza da. Ikasleek 1:100 eta 1:20 eskalan sortutako maketak eta horiek sortzeko prozesuei buruzko dokumentazio bisuala jasotzen ditu bildumak.