GAUR8

‘Gora Teloia! Antzerki gida’, neska-mutilekin lanean ari direnentzako tresna lantzeko ikastaroa

EHUko Uda Ikastaroen proposamenen artean, antzerkia eskola munduan hainbat arlotan tresna gisa lantzeko eta egiteko ‘Gora Teloia! Antzerki Gida’ ikastaroa dago. Sormenaz gain, gorputzaren, ahozkotasunaren eta emozioen adierazpenerako edota balioak jorratzeko den tresnan sakonduko du.

Aizpea Goenaga aktore, zuzendari, antzerki idazlea eta gidaren egileak zuzentzen du ikastaroa.
Aizpea Goenaga aktore, zuzendari, antzerki idazlea eta gidaren egileak zuzentzen du ikastaroa. (Gorka RUBIO | FOKU)

EHUko Uda Ikastaroen barruan, «Ikastetxeetan edo neskamutilekin lanean ari diren ikasle eta monitoreei» zuzenduta, ‘Gora Teloia Antzerki Gida’ lantzeko ikastaroa plazaratu dute, «antzerkia modu baikor eta baliogarrian» erabiltzeko tresnak eskainiz.

«Sorkuntza geroz eta garrantzitsuagoa den garai hauetan, antzerki eta hezkuntza alorrean eskarmentua dutenen eskutik haien esperientziak partekatu nahi ditugu oso modu praktikoan», nabarmendu dutenez.

Antzerkiak gorputzaren, ahozkotasunaren eta emozioen adierazpena garatzeko edota hizkuntza lantzeko zein baloreen ikuspuntutik duen garrantzia gogoratu dute. Bide horretan, sormena garatzeko tresnak edo talde lana egiteko edota gatazkak bideratzeko tresnen erabilera jorratuko du ikastaroak.

Era berean, dekoratua, jantziak edota ekoizpena bera lantzeko ezagutzak partekatuko dira saioan, antzezlan bat «zutik jartzeko tresnak» eskainiz.

Ekimena ikasleei, irakasleei, profesionalei eta antzerki munduko monitoreei eta zaletuei zuzenduta dago eta dinamika parte hartzaileetan oinarrituta egongo da.

Ikastaroa uztailaren 7an hasiko da, eta Aizpea Goenaga Mendiola aktore, zuzendari, antzerki idazlea eta gidaren egileak zuzenduko du.

Ponenteen artean, Iker Galarza Larrinaga edota Virginia Imaz Quijera Oihulari Klown-en zuzendari artistikoa daude, besteak beste.