Oihane Larretxea de la Granja
infraganti

AMAIA ARRIETA

Londreseko banketxe batean zuen lana utzi, eta, lehen haurra izan zuenean, bere denda ireki zuen Amaia Arrietak (Bergara,1974) «City»-ko Chelsea auzoan. Umeentzat arropa diseinatzen eta saltzen hamar urte daramatza, baina bere izena orain gutxi zabaldu da mundu osoan, Kate Middleton Cambridgeko dukesa bezeroa duela jakin denean.

A zken hilabetea «eromena» izan dela aitortzen digu telefonoaren beste aldetik Amaia Arrieta bergararrak. Kate Middleton Cambridgeko dukesa bere bezeroa dela jakin zenetik, mundu osoko pertsonak jarri dira berekin harremanetan umeentzat diseinatzen dituen arropatxoak erosteko.

Middleton ama izan da bigarren aldiz orain gutxi, baina aurretik joan ohi zen Arrietarengana, gaur egun bi urte dituen lehen semearentzat jantziak erostera. Kontatzen duenez, bakarrik joaten da erostera, aldez aurretik abisatu gabe, eta, beste pertsona ospetsu batzuek museoak, denda jakin batzuk edo jatetxeak bisitatzen dituztenean egiten denaren kontra, «denda ez dugu beretzat ixten». «Naturaltasuna transmititzen du, bere semeaz beste edozein ama bezala aritzen da hizketan, aholkuak eskatzen ditu, eta bere txanda itxoiten du, edonork bezala. Oso gertukoa da eta bezeroen artean beste bat gehiago da Kate». Bitxikeriak bitxikeri, Amaia Kids proiektuaren atzean dagoen istorioa xehatzea eskatu diogu, kasualitatearen emaitza baino, lanarena baita.

Gaur egun hiru seme-alaben ama, Londresera orain dela hamabost urte heldu zen senarrarekin batera, baina, lehenago, ikasle garaian, han eta hemen ibilia da, Oxforden eta Madrilen, besteak beste. Parisen topatu zuen lana, baita maitasuna ere, eta ezkontzean gaur egun familia sortu duten Londresera mugitu ziren. «Banketxe batean egiten nuen lan, baina ordutegiak oso luzeak ziren eta asko bidaiatu beharra nuen», gogoratu du. 2003. urtea zen lehen semeaz haurdun gelditu zenean eta lanean zituen baldintzak amatasunarekin bateragarriak ez zirela ikusita, banketxea uztea erabaki zuen.

Lana utzi bai, baina etxean egoteko modukoa ez dela onartzen du Arrietak. Ezin geldirik egon, baina, zein bide hartu? Profesionalki zer egingo zuen erabaki bitartean, hilabete batzuen bueltan erdituko zuen umearen gauzak prestatzen hasi zen. Prozesu horretan piztu zen gaur sendotuta dagoen negozioaren lehen izpia. «Umearentzat arropak Donostian edo Bergaran erosten nituen, aita eta ama ikustera joaten nintzenean aprobetxatzen nuelako», dio. Ohartu zen bueltatzen zenean Londresko lagunek umeen arropei erreparatzen zietela, zela estiloagatik, zela kalitateagatik. Hala, Euskal Herrira bidaia egiten zuenetan, enkarguak egiten zizkioten. «Londresen umeen arropak edo oso garestiak dira, edo oso merkeak. Ez dago erdibideko zerbait, kalitatea eta estiloa prezio onean eskaintzen dituena. Lagunei arropak eraman eta eraman, azkenean nik neuk hori eskain zezakeen denda zabaltzeko aukera otu zitzaidan», gogoratu du.

Londres hain handia eta anitza izanda, deigarria da eskari guztiak asetzeko eskaintzarik ez egotea. Arrietak hala azaltzen du: «Janzteko moduak ezberdinak dira, nahasketa handia dago hemen, bai, baina ez dago estilo definitu bat, nahiko inpertsonala da zentzu horretan. Gainera, hainbeste aukera dago ez dakizula nondik nora joan, ezta nondik hasi ere!».

«Ideia okurritu zitzaidanean ‘tontamentean’ hasi nintzen. Dena nahiko azkar heldu zen; ideia buruan bueltaka nuela etxetik gertu lokal bat aurkitu nuen Chelsean, eta, azkenean, animatu egin nintzen», gogoratu du.

Arreta berezia eta fideltasuna

Hamar urte ondoren ibilbidearen emaitzak ikusita, eta denborak bere formulari arrazoia eman ote dion galdetuta, umil agertzen da, merituaren zati handi bat bezeroena dela iritzita. Haien fideltasuna goraipatzen du, baina, aldi berean, dendan eskaintzen duten arreta pertsonalizatuan ere badagoela gakoa uste du bergararrak. «Chelsean oso bezero jatorrak ditugu, baina denda eramaten dugun moduan ere asmatu dugula uste dut; bezeroekin denbora asko pasatzen dugu, herrietan egiten den bezala, beren izenez ezagutzen ditugu, umeak hazten ikusten ditugu… Konfiantza handia daukagu».

Bereizgarria da, halaber, eskaintzen duten estilo klasikoa, berezko ukituarekin. Gaur egun saltzen duten arroparen %75 Amaiak berak diseinatutakoa da. Gonak, galtzak, soinekoak, jertseak… bere sormenetik ateratakoak dira. Estatu espainiarrean ekoitzi eta Londresen saltzen ditu ondoren, baita Internetez ere; beraz, munduko edozein lekutatik eros daitezke bere arropak. Hain justu, Kate Middleton bezero zuela jakin zenetik, besteak beste, Australia, Hong Kong nahiz Zeelanda Berritik jarri dira berekin harremanetan arropak erosteko.

Inspiratu eta diseinuak egiteko garaian, Londres bera oso aberasgarria dela uste du Arrietak, baita lanagatik nahiz plazeragatik egiten dituen bidaiak ere. Hiru umeen ama izateak ere eragina du, eta, haietatik ikasteaz gain, gertukoen seme-alabengandik ere ikasten du: zer janzten duten, zer duten gustuko, zerekin dauden eroso…

«Eta ba al dago ezberdintasunik Euskal Herriko estiloaren eta bertan duzuenaren artean?», galdegin diogu. Erantzuna pentsatu, eta, segundo batzuen buruan, «zonalde batzuetan, Bilbon edo Donostian esaterako», umeak Amaia Kids estiloaren antzera janzten direla uste duela esan digu. Hala ere, «Euskal Herria nahiko aldatu dela» eransten du, baita «lehengoa, estilo klasikoa, galtzen» ari dela.

Etorkizunari begira, eta dituen erronka berrien inguruan, onartzen du denda asko jarri direla berekin harremanetan elkarlan akordioak proposatzeko; alegia, Amaiak diseinatzen dituen arropak saltzeko. «Ziur aski hortik joango da kontua etorkizunean», aurreratu du, beraz, datozen asteak eta hilabetek lan eta lan igaroko ditu. Atsedena abuztuan hartuko du, urtero Zarautzen familia osoak elkarrekin igarotzen duen oporraldia «barkaezina» delako. •