Ane Urkiri Ansola
infraganti

Muniozguren anaiak

Muniozguren anaiek kaleko bizimodutik baserrirako bidea egin zuten duela bost urte. Lana utzi eta proiektu berri batean murgiltzea otu zitzaien. Betidanik buruan bueltaka ibili duten hori martxan jarri zuten. Ahuntz esnearekin gazta ekoizten hasi ziren Urregarai mendiaren (Santa Eufemia) hegalean. Larruz deitura jarri diete beren produktuei.

Ez da batere ohikoa bizi guztia kalean egin duten bi pertsona baserriko lan gogorrak harrapatzea. Baina betidanik gustatu izan zaien zerbait dela diote Iban eta Gorka Muniozguren anaiek. Horren adibide Gorkak orain hamar urte Arantzazun buruturiko artzain ikastaroa. Ordutik hainbat ikastarotan parte hartu dute bi markinar hauek, eta oraindik ikasten jarraitzen dute. Bazekiten noizbait beraien bizimodua izango zela. «Betidanik bueltak eman eta eman aritu izan gara, baina oso gaitza ikusten genuen. Inbertsio asko eskatzen du, eta gero ez dakizu ondo irtengo den edo ez», dio Gorkak.

«Gainera, gurekin batera hasi zen krisiaren unerik gogorrena», gehitu du barrezka bere anaia Ibanek. Baina nahiko baikor ekin zioten ahuntz gazta ekoizteko bideari, inguruko guztiek zoratuta zeudela esan arren. Beren lan finkoa utzi eta proiektu berrian bete-betean murgildu ziren. «Gaizki irtenez gero, zer?» galdetzean, azkar batean erantzun dute. «Beste zeozer egingo genukeen», dio Ibanek. Eta Gorkak, ostera, «bestela, lehengo lanera itzuli».

Gaztaren prozesuan buru-belarri dabil Iban. Baserrian ez dago deskantsurako tarterik. Gorkak, minutu batzuk lehenago, ahuntz guztiak –antxumeak izan ezik– zelaira atera ditu. Bata gaztandegiko prozesu guztiarekin arduratzen da, eta, bestea, animalien ongizatearekin. «Ikusten genuen biok leku berean egonda beste lan batean inor ez zegoela, eta horrek ez zuen ez hanka eta ez buru», azaldu du Gorkak. Elkarren artean ika-mika handirik ez dela sortzen adierazi du Gorkak: «Horregatik da bera hemengo [gaztandegiko] zuzendari, eta ni animaliena». Dena den, beharra dagoenean, batak besteari laguntzen dio.

Ahuntz esnean espezializatu badira ere, dituen berezitasunengatik gehienbat, hasierako urteetan denetarik egiten zuten. «Iaz, adibidez, ahuntz eta ardi gazta ondua, bien arteko nahasketarekin egindakoa, gazta freskoa, ahuntzaren erruloa, ardi esnea botiletan...», kontatu du Gorkak. Beraien helburua produktuen dibertsifikazioa da, «baina ezinezkoa da bi pertsonarekin horretara guztira heltzea», onartu du Ibanek.

Espezializatu arren, ez dute ahalik eta produktu ezberdin gehien egiteko grina galdu, hein handi batean, oraindik hasierako prozesuan daudela esaten baitute, nahiz eta orain bost urte hasi. Gauza asko probatzea gustuko dute eta horren erakusle dira ahuntz esnearekin eginiko izozkiak. Oraindik ez daude salgai, eta apur bat gelditurik dabiltza, «abuztua izanda teknikariak oporretan dabiltzalako». Oraingoz zapore ezberdinak probatu dituzte: esne-gaina, limoia, intxaurrak, txokolatea... Guztiak elikagai naturalak. Hasiera-hasieratik zeukaten burutazio bat zen izozkiarena, baina saltzeko zailtasunak direla-eta, beren proiektutik apartatu zuten. «Baina Azaro Fundaziotik gizon belgikar bat etorri zen gurera, Gunter Pauli, eta burua jan zigun pixka bat, saltzeko erraza zela esan eta Azaro Fundazioa laguntzeko prest agertu zen», nabarmendu du Ibanek. Oraindik ez dakite noiz merkaturatuko duten berrikuntza hau.

Gustuko tokian aldaparik ez

«Ni neuk ez dut tailerra faltan botatzen», ziurtatu du Gorkak. «Ezta nik ere», segidan Ibanek. Egia izango ote da gustuko tokian aldaparik ez dagoela. Goizeko bostetan jaiki eta ez dago jakiterik lana noiz bukatuko duten. «Alferrik da alfergura izatea, dena dela ere lana burutu egin behar izaten baita», nabarmendu du Gorkak. Esfortzu honen ordainsaria erosleen hitz onak direla gaineratu du. «Plazer handia izaten da zure gazta dastatu eta ederra dagoela esaten dizutenean, belarrirainoko irribarrea irteten zaizu», dio harrotasunez Gorkak, jada horrelakoak entzun dituztela onartuz. «Gauzak ondo doazenean ahaztu egiten zara lanaz», nabarmendu du beste Muniozguren anaiak.

Pozik dabiltzala diote, eta igartzen da. «Egiten duguna saltzen gabiltza, behintzat», jakinarazi dute. Baina oraingoz eskuratutako dirua inbertsiorako erabili dutela argitu dute. Hala ere, lasaitzeko asmoarekin edo, noizean behin lagunekin afaltzera joateko adina badutela dio Gorkak. Eta aurten beraientzako zerbait izatea espero du Ibanek. Erosi beharreko guztia urte hauetan egin dute eta inolako arazorik ezean, «guztia beteta daukagu». Makineria beharrezkotzat jotzen dute markinar hauek, batez ere bi lagun izanik. «Hemen egon eta lana egin behar da, baina errazagoa da», azaldu dute. Horiek horrela, txakurrak –«gure altxorrak», esan du ahopean Ibanek– ere oso erabilgarri direla azpimarratu du Gorkak. «Batzuetan, ardiak menditik jaitsi nahi ezean, artzain txakurra bidali eta azkar batean joaten dira beherantz. Norberak eskuak poltsikoan sartu, txistua jo eta kito».

Produkzio txikia dute, gero salmentetan arazo handirik ez izateko. Alpino arrazako 140 ahuntz zenbatzen dituzte, horietatik 30, gutxi gorabehera, antxumeak direnak, eta 180 ardi –artiletarako bakarrik erabiltzen dituzte–. Ez dute aurreikusten askoz gehiago edukitzea. Jaiotzen diren heinean joango dira hazten. Ardiek baino esne gehiago ematen dute denbora gutxiagoan eta jezteko sasoia luzeagoa izan ohi da ahuntzetan. Ardiek bost-sei hilabetez ematen badute, ahuntzek hamar hilabetez. Horrekin nahikoa dutela diote Muniozguren anaiek: «Helburua ez da asko ekoiztea, baizik eta hemen sortzen duguna edo egiten dena kalitatezkoa izatea eta ondo saltzea». Negozio txikia izanda, «gehiago mimatzen ditugu animaliak» diote, eta gaztaren prozesuan eragina dauka zaintza berezi horrek. «Zenbat eta hobeto zaindu, esne gehiago eta hobea emango dute», ziurtatu dute.

Naturarekin lotura estua daukate. Santa Eufemia mendiaren hegalean bizita, beraien lurrak baliatzen dituzte animaliak elikatzeko. «Ikusten duzu nolako inguruan bizi garen, ezta? Ahalik eta gehien baliatzen saiatzen gara», adierazi du Gorkak. Hala, produkzio kostua nabarmen jaisten da. Menpekotasun gutxiago dute kanpoko produktuen prezioen gorabeherekin. Gainera, animaliek transgenikorik gabeko elikagaiak jaten dituztela nabarmendu nahi izan du Ibanek.

Animalien kasuan ez ezik, beraien gastu propioak aurrezteko asmoz egurra baliatzen dute. Galdara baten bitartez egurraren propietate guztiekin ur beroa ustiatzen dute –gazta ekoizteko ur kantitate mordoa erabili behar izaten baitute– eta neguan berogailurako.

Ohitura sustatzea helburu

«Etorkizuneko elikagaia izango dela diote adituek», azaleratu du Ibanek, gaztaren prozesuan gelditu gabe dabilen bitartean. Osasuntsuagoa izanda, urte batzuen buruan jendeak ahuntz esnea edo gazta kontsumitzera joko duela adierazi du Gorkak. Koipe gutxiago dauka eta honen proteinak gizakiok hobeto asimilatzen ditugu. Era berean, digestioan asko laguntzen du eta laktosarekin arazoak dituztenentzat ere hobea da. «Esaten dute amaren esnearen itxura gehien duen esnea dela ahuntzarena», gaineratu du Ibanek.

Europan jada ohitura da. Eta hori da hemen falta dena. Ohitura sustatu ezean, jendeak beti ardi gazta erostera joko du. Honekin, topiko batzuk apurtu nahi izan dituzte. «Gu hasi baino lehen, pentsatzen zen ahuntz esneak edo gaztak zapore zakarra zuela, baina konturatu dira oker zebiltzala, gozoagoa da», jakinarazi du Gorkak.

Markinan eta, oro har, Lea-Artibai eskualdeko saltokietan harrera ona izan du Larruz ahuntz gaztak. Baina oraindik normalizatzeko asko gelditzen da. Sustatzeko garrantzitsuena azokak direla nabarmendu dute, «dastatzeko aukera baitago; batzuek, hala ere, jarrera uzkurra erakusten dute».

Kalean, benetako erakusleihoan, egon ezean, betikoa –hau da, ardiarena– erosten dela uste dute. Bizkai osoko azokak zeharkatu dituzte eta beraien salmenta postura hurbiltzen kanpotarrak dira gehiengoa. «Turista asko egoten diren herrietan kanpotarrek erosten dute gure gazta; beraientzat oso normala da», jakinarazi dute Muniozguren anaiek.

Era berean, europarrek gehienbat, beste perspektiba bat dutela ohartuta daude, mota askotako gaztak jatera ohituta baitaude. «Hemen gazta asko ekoizten dira eta arrakasta izan ohi dute, baina datuen arabera, Euskal Herrian ez da asko kontsumitzen», argitu du Gorkak.

Datu eskasak diren arren, ez dute nazioarteko merkatura zabaldu gura. Asmo zuzena euskaldunen buruak zabaltzea da, kontsumo ohiturak aldatuz eta ahuntz esnearekin egindako produktuei aukera bat emateko. «Guk kontsumitzen dugu eta sekulako itxura daukagu, horrela mantentzen gara», ondorioztatu dute umoretsu, barre algaraka.